BGPk lehen disuasio-aparkalekua jarri du martxan Leioako metro-geltokian

Bizikleta pribatuaren erabilera indartzea da helburua, garraio publikoaren osagarri gisa erabili dadin
Datozen hilabeteetan Ansio eta Ibarbengoara hedatuko da ekimena, eta ondoren beste geltoki batzuk etorriko zaizkio atzetik, Bilboko batzuk, besteak beste.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) bere lehen disuasio-aparkalekua jarri du martxan Leioako metro-geltokian. Azpiegitura berri horren helburua da herritarrak metro-geltokietara bizikleta pribatuan eta patinetean joan daitezen sustatzea, ondoren metroa lasai asko har dezaten, jakinik haien jabetza eguraldi txarretik eta balizko kalte edo lapurretetatik babestuta dagoela. Azpiegitura berriak erabilera pribatuko hogei bat bizikleta eta patinete hartzeko lekua du, aldundiaren Bizkaibizi zerbitzuaren (herriarteko bizikleta publikoak) osagarria baita.

Datozen hilabeteetan Ansio eta Ibarbengoako geltokietan bizikletetarako beste bi aparkaleku irekitzeko asmoa du BGPk, ibilgailuen aparkalekuak dauden lekuetan. Gerora, aparkalekuak pixkanaka zabalduko dira Plentzia, Urduliz, Sopela, Algorta eta Etxebarri udalerrietara, baita Bilboko zenbait geltokitara eta hiriguneetara ere.

Bizikleten aparkalekura sartzeko eta bertatik irteteko, barik pertsonalizatua eduki behar da; horrela, azpiegituraren sarrera eta irteera guztiak erregistratuta geratuko dira. Barruan, erabiltzaileak bere bizikleta edo patinetea giltzatuko du, eta, garraio publikoa erabiltzen duen bitartean, bateriak kargatzeko aukera izango du horretarako prestatutako entxufeetan.

Aparkalekua erabiltzeko, gutxienez bidaia bat egin beharko da metroz. Azpiegituraren ordutegia Metro Bilbaok zerbitzua emateko ezarritako berbera izango da; hau da, ezin izango dira ibilgailuak ezarritako ordutegitik kanpo utzi edo jaso. Prezioa doakoa izango da zerbitzua ezagutu arte, eta, ondoren, prezio sinbolikoa aplikatuko zaie erabiltzaileei.

Bizikleta edo patinetea aparkatzeko gehieneko denbora ondoz ondoko lau egunekoa izango da. Denbora hori igarotakoan, BGPk ibilgailua eraman ahal izango du, giltzarrapoa deuseztatu ondoren, aparkalekua libratu eta beste pertsona batek erabili ahal izan dezan. Hamabost egun igarotzen badira jabeak ibilgailua erreklamatu gabe, irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakunde bati emango zaio. Horrez gain, isunak edo zaintza-kostuak ezarri ahal izango dira azpiegitura behar ez bezala erabiltzeagatik.

Aparkabizi Leioa
2025-03-12