BGPk mugikorrarekin balidatzeko proba pilotu bat jarriko du martxan, Barik txartela iPhonearekin kargatzeko beharrezko garapenak lantzen ari da eta Bizum inplantatu du Barikeko kargatzeak ordaintzeko

BGPk 2020ko udazkenean proba pilotu bat jarriko du martxan Gazte 70 eta Gazte Ororen erabiltzaile diren 26 urtez azpikoekin, beren Barika birtualizatzeko. Hurrengo urtetik aurrera, iPhone sakelakoen erabiltzaileek mugikorretik kargatu ahal izango dute Barik txartela, Barik NFC aplikazioaren bidez. Dagoeneko Bizum aplikazioaren bitartez ordaindu ditzakezu zure bidaia-tituluak. Horretarako, BGPren webgunea eta Barik NFC aplikazioa erabil ditzakezu.

BGPk 2020ko udazkenean proba pilotu bat jarriko du martxan Gazte 70 eta Gazte Ororen erabiltzaile diren 26 urtez azpikoekin, beren Barika birtualizatzeko. Hala, Bizkaiko garraiobide guztietan zuzenean beren mugikorrarekin balidatu ahal izango dute.

Aplikazio baten bidez funtzionatuko du, doan deskargatu ahal izango dena mugikorrera Google Play bidez eta, txartel fisikoarekin gertatzen den bezala, dirua kargatu ahal izango da edo txartelak barne hartzen dituen tituluak txertatu ahal izango zaizkio. Ezberdintasun bakarra da fisikoki norberak eraman beharrean, erabiltzaileek birtualki eraman ahal izango dutela smartphone gailuan. Hala, telefonoa makinaren irakurgailuaren gainetik pasatu baino ez dute egin beharko beren bidaia balidatzeko.
Jauzi teknologiko handia da, eta, ondorioz, BGPk uste du halako urrats handi bakoitzaren aurretik proba pilotu bat egin behar dela kontrolpeko eremuetan. Hala, lagin-kolektibo batekin mugikorraren bidez balidatzeko sistemaren jarraipena egingo da, datu eta ondorio fidagarriak eskuratzeko eta ondoren horiek inplantazio masibora egokitzeko.

Makina balioztatzaileetako gaur egungo irakurgailuak ez dira ordeztu beharko, eta softwarea martxan jarriko den teknologiari egokitu baino ez da egin behar. Titulu horiekin ordaintzea ahalbidetzen duten garraiobide guztietan balidatu ahal izango da; Metro Bilbao, Euskotren, Bilboko tranbia, Bizkaibus, Lejoan Busa eta Larreinetako funikularra. Asmoa da gaur egun Barik txartela erabil daitekeen garraiobide guztietan erabili ahal izatea.

Teknologia berri hau txertatzeak ez du esan nahi Barik txartel fisikoa ordeztuko denik. Existitzen jarraituko du, bereziki mugikorra erabiltzera ohituta ez dauden edo horrenbeste erabiltzen ez duten pertsonengan pentsatuz. Hala, erabiltzaileentzako beste alternatiba bat eskaintzeko da sistema hau.

Bestalde, BGPk 2016ko otsailean inplantatu zuen Barik txartela NFC teknologiadun Android gailuen bidez kargatu eta kontsultatzeko aukera. Horretarako, Barik NFC aplikazioa sortu eta diseinatu zuen. Aplikazio horrek erabiltzaileei ahalbidetzen die beren mugimenduak kontsultatzea eta Barik txartela nahi beste bider kargatzea, eguneko edozein unetan eta edozein tokitatik. Hori guztia, doan deskargatu daitekeen aplikazioaren bidez.

iPhone telefonoentzako muga teknikoak zeuden orain arte, baina iOS 13 bertsio berriarekin konpondu egin dira. Horrenbestez, BGP jada lanean ari da hurrengo iPhonekin Barik NFC aplikazioa erabili ahal izateko garapenen bueltan.

Urriaren 8tik aurrera Bizumekin ordaindu daitezke Barik txarteleko bidaia-tituluak, Barik NFC aplikazioaren nahiz BGPren webgunearen bitartez. Beste barik, Bizum erabiltzailea izan behar zara eta “Bizum pasahitza” eduki saltoki elektronikoetan eragiketak egiteko.

Asteazkena, 9 Urria, 2019