Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) beste urrats bat eman du erakundeak mugikortasun jasangarriaren alde egin duen apustuan, kasu honetan disuasio-aparkalekuetako hirutan ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jarriz: Etxebarri, Leioa eta Ibarbengoa. Hiru aparkaleku horiek Metro Bilbaok kudeatzen ditu; BECen dagoen laugarren aparkalekua Bilbao Exhibition Centrek kudeatzen du eta dagoeneko 27 karga-puntu ditu. Ekimen honek indartu egiten du BGPk ingurumenarekin eta ibilgailu elektrikoaren eta garraio publikoaren erabilera konbinatuaren sustapenarekin duen konpromisoa.
Karga-puntu berriak estrategikoki kokatuta daude Bilboko Metropoliko Trenbidearen funtsezko hiru geltokietako aparkalekuetan eta joan-etorriak metroz egiten dituzten bitartean erabiltzaileei ibilgailu elektrikoa kargatzen uzteko aukera ematen diete.
• Etxebarri: 3 karga-puntu bikoitz, horma-kargagailuen bidez.
• Leioa: zoru-kargagailuen bidez birkargatzeko 4 puntu bikoitz, markesinaren azpian kokatuta eta arku metalikoekin babestuta.
• Ibarbengoa: -1 solairuan horma-kargagailuen bidez birkargatzeko 4 puntu bikoitz, berdez seinaleztatuta egoteagatik erraz identifika daitezkeenak.
Kargatzeko zutoin bakoitzak 22 kW-eko bi konexio-puntu ditu, baterien karga azkarra ahalbidetuz. Ezaugarri teknikoen artean hauek nabarmentzen dira:
• 400 V-eko elikadura trifasikoa.
• Guztira 44 kW-eko potentzia.
• 2 motako konektoreak eta pantaila eleaniztuna, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
• Karga-egoeraren LED seinalea.
Kargaren kudeaketa iOS eta Android gailuetarako eskuragarri dagoen EVcharge aplikazio mugikorraren bidez egiten da. App-ak aukera ematen dio erabiltzaileari eskuragarri dauden puntuak aurkitzeko, karga aktibatzeko, prozesua denbora errealean jarraitzeko eta ordainketak modu errazean egiteko. Zutoin bakoitzak QR kode bat du, aplikazioan sartzea eta konfigurazioa errazten duena.
Tarifa-politikari dagokionez BGPk bilketa ez lehenestea erabaki du, kWh-ko prezio lehiakorrarekin eta energia-kostuari egokituta, aparkalekuen eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin. Neurri hau hurbileko elektrolindegietako tarifen azterketan oinarritzen da, etekin ekonomikoaren aurretik zerbitzua lehenetsiz.
Jarduketa honekin BGPk mugikortasun jasangarriagorantz eraldatzeko funtsezko eragile gisa duen eginkizuna indartzen du, intermodalitatea bideratuz eta hiri-garraioan trantsizio energetikoa babestuz.