BGPk otsailaren lehen astetik aurrera aktibatuko du 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoaren doakotasuna.

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak 2025erako aurrekontuak ere onetsi ditu, baita Espainiako Gobernuaren Errege Dekretuan jasotako garraiohobariak eta ekitaldi berrirako tarifen erregulazioa onetsi ere.

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak zenbait neurri onetsi ditu gaur, Bizkaiko lurraldeko hobariekin lotuta. Neurri horien artean 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoaren doakotasuna nabarmentzen da.

Neurria otsailaren lehen astetik aurrera aktibatuko da eta Barik txartel pertsonalizatua beharko da berau baliatzeko. Txartel hori BGPren, Metro Bilbaoren, Bizkaibusen, EuskoTrenen, Renferen edo Bilbobusen Bizkaiko garraio publikoaren bulegoetan eskatu
ahal izango da. Txartel hori lortzeko, adingabeak tutore batekin bertaratu beharko dira, NAN eta/edo familia-liburu eta guzti.

Horrez gain, abenduaren 23ko 9/2024 Errege Lege Dekretuan jasotako neurriak jorratu dira, Espainiako Gobernuak garraio publikoari emandako hobariari dagokionez.

2025eko lehen seihilekoan:
2024. urtean zehar indarrean egon diren neurriak luzatuko dira, hau da, % 50eko hobariak emango dira abonuetan eta bidaia anitzeko titulu guztietan, eta 12 urtetik beherakoek doan bidaiatu ahalko dute.

Bigarren seihilekotik aurrera (2025eko uztailaren 1etik aurrera), honako neurri hauek sartuko dira indarrean:
- % 40ko deskontua abonuetan eta bidaia anitzeko tituluetan.
- % 50eko deskontua gazteentzat (26 urtetik beherakoentzat).
- 0 eta 14 urte bitartekoek doan bidaiatuko dute.

BGPren kontseiluan aztertu den beste gaietako bat ekitaldi honetarako tarifa berrien egokitzapena izan da: otsailaren 20tik aurrera aplikatuko dira eta % 3,4ko batez besteko igoera izango dute.

Gehien erabiltzen den Creditrans txartelak % 3ko batez besteko igoera izango du, hau da, eurotan 3 zentimoko igoera; Gizatrans txartelak edo 65 urtetik gorakoenak, berriz, 2 zentimo egingo du gora.

Partzuergoko tituluen tarifak 2022an igo ziren azken aldiz. Data horretatik 2024ko azarora, KPIa % 11,7 igo da.

Azkenik, Kontseilu Nagusiak Garraio Partzuergoaren 2025erako aurrekontuak onartu ditu.

2025-01-07