BGPren Kontseilu Nagusiak onetsi du garraio publikorako % 50eko laguntzak 2025eko ekainaren 30era arte luzatzea.

Horrez gain, onetsi du uztailaren 1etik aurrera aplikatzea Errege Dekretuaren neurriak: 14 urtetik beherakoentzako doakotasuna ezartzen da, gazteentzako tituluak % 50ean mantentzen dira eta gainerako tituluetarako % 40ko deskontua ezartzen da.

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak gaur arratsaldean egindako saioan onetsi du ekainaren 30era arte luzatzea bidaia anitzeko tituluen eta diru-zorroen (barik, creditrans, gizatrans eta aldi baterako kide eta gazte tituluak) % 50eko dirulaguntzak. Neurriak Kontseiluaren babesajaso du, aurreko Errege Dekretuan jasotako deskontuak oraindik indarrean zeudenean.

Horiek horrela, BGPk hartutako erabakiaren bidez etenik gabe luzatu dira laguntzak urtarrilaren 28ko 1/2025 Errege Lege Dekretuan jasotako neurriak indarrean sartuko diren egunera arte; neurri horiek ere BGPren Kontseiluak bozkatu eta onetsi ditu gaur, eta aurtengo abenduaren 31ra arte luzatuko dira.

Horrenbestez, uztailaren 1etik aurrera, Bizkaiko garraioaren doakotasuna 14 urtetik beherakoei zabalduko zaie; % 50eko deskontua aplikatuko zaie gazteentzako tituluei (gazte) eta % 40koa gainerako tituluei.

Azkenik, BGPk partzuergoko tituluen tarifak eguneratzea onetsi du, batez besteko % 3,4ko igoerarekin.

2025-02-19