Orain arte, 12 urtetik beherako 18.156 umek daukate jada barik txartel pertsonalizatua.
Bihartik aurrera, Bizkaiko garraio publikoa doakoa izango da 12 urtetik beherakoentzat, operadoreetan egokitzapen teknikoa egiteko proba guztiak gainditu ondoren eta neurria Bizkaiko Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu ondoren. Izan ere, Metro Bilbaok, Bizkaibusek, EuskoTrenek eta Bilbobusek lan handia egin dute neurria ezartzeko aurrez ikusitako data aurreratzeko, otsailaren lehen astean ezartzekoa baitzen.
Roberto Muñoz Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez, areagotu egin dituzte probak eta egokitzapen teknikoa, garraio publikoa gutxienez astebete lehenago izan dadin doakoa 12 urtetik beherakoentzat. Esan duenez, berri ona da garraio publikoaren erabilera sustatzen duelako. Errealitate hori lortzeko beste urrats bat da.
12 urtetik beherakoentzako barik txartel pertsonalizatua CTBren, Metro Bilbaoren, Bizkaibusen, EuskoTrenen, Renferen edo Bilbobusen aurrez aurreko arretarako bulegoetan eska daiteke. Txartela izapidetzeko, tutore batek adingabearen argazki bat erantsi behar du, NANarekin edo familialiburuarekin batera.