CTB-ek informatzen du

13/12/2017

BGPk 26 Milioi euroko inbertsioak onetsi ditu eta horrela, abian dauden jarduketekin jarraitzeko aukera egongo da

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) Kontseilu Nagusia eguerdian bildu da Bilboko egoitzan, eta 26 milioi euroko inbertsioak onetsi ditu, dagoeneko abian diren jarduketa eta azpiegitura estrategikoak 2018. urtean ere garatzen jarraitzea ahalbidetuko dutenak.

BGPk honako jarduketa hauek garatzen jarraituko du: Urbinagako aldageltokiak Metro Bilbaoren eta Adifen puntu horretako ustiapenen artean; Urdulizko trenbide-pasagunea eta geltokia lurperatzean sortutako azken jarduketak, udalerriko herritarrei amaitutako inguruaz gozatzeko aukera emango dietenak; trenbideak berritzea erabiltzaileei erosotasun eta segurtasun handiagoa emateko; material mugikorrean hobekuntzak egitea, erabiltzaileekin daukan hobetzeko konpromisoari jarraikiz; Arizko Aginte Postu Erredundantea garatzea, zerbitzuak segurtasun eta fidagarritasun handiagoa izan dezan; energia-eraginkortasunerako hobekuntzak egitea (eskailera mekanikoak, ateak...); eta erabiltzaileei arreta eta informazio hobea emateko beste jarduketa batzuk.

Era berean, azpimarratzekoak dira Barik txartelaren inplementaziorako inbertsioak, esaterako: elkarreragintasunean eta sistemaren segurtasunean egindako aurrerapenak, baita garraio-modu desberdinetan erabiltzeko titulu propioetatik eratorritako garapenak ere.

09/11/2017

BGPk Gobelako Metro-geltokiaren estalkia aldatzeko obrak hasiko ditu

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Getxoko Gobelako metro-geltokiko estalkia aldatzeko obrak hasiko ditu azaroaren 13an, astelehena. Lanak egiteko 6 asteko epea aurreikusi da eta 60.000 euroko aurrekontua. Hain zuzen ere, erabiltzaileak babesteko markesina dute xede.

Markesinak altzairuzko egitura nagusi bat dauka, eta bertatik hormigoizko plaka batzuk eskegiko dira. Berritzea erabaki da eguraldi txarraren ondorioz egoera txarrean dagoelako. Hori horrela, erdialdeko erreten bat egitea pentsatu da, euriaren ura ondo hustu dadin.

Lehenengo astean, azaroaren 13tik 18ra (06:00), geltokia itxi beharko da obrengatik, nahiz eta lanak gauez egingo diren. Aipatutako egunetan ezin izango da Negubide etorbidean aparkatu, ezta bertara sartu ere 23:00etatik 06:00etara.

Gogoan izan, geltokia itxita egon arren, trenak ohi bezala ibiliko direla. Gobelako geltokiko erabiltzaileek Areeta edo Neguriko geltokiak erabili beharko dituzte bost egun horietan.

31/10/2017

BGP-k 8 milioi Euro baino gehiagoko inbertsioak adjudikatu ditu Metro Bilbaon

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) Kontseilu Nagusia eguerdian bildu da Bilboko bulegoan eta Metro Bilbaon 8 milioi euro baino gehiagoko inbertsio batzuk adjudikatzea erabaki du. Garrantzitsuenen artean azpimarratzekoak dira: Aginte Postu Zentralizaturako Aginte Postu Erredundantearen hornidura, 2.400.000 euroko zenbatekoagatik eta 24 hilabeteko egikaritze-epearekin; Ibarbengoa-Larrabasterra tartean trenbidea berritzea, 1.818.000 euroko zenbatekoagatik (16 hilabete); lehenengo tren aleen bidaiarientzako ateak egokitzea (500. seriea), 1.245.000 euroko zenbatekoagatik (48 hilabete); katenaria mantentzeko dresina bat hornitzea, 1.200.000 euroko zenbatekoagatik (12 hilabete); tren-gurpilak eta material osagarria profilatzeko tornu berri bat hornitzea, 1.036.000 euroko zenbatekoagatik (12 hilabete), eta Lutxanako azpiestazioaren estalkia ordezkatzea, 332.000 euroko zenbatekoagatik (4 hilabete).

Bestalde, Bizkaiko Garraio Partzuergoak Barik txartela saltzeko, biltzeko, laguntzarekin kargatzeko, biltegiratzeko eta banatzeko kanpo-komertzializazio sare bat ezartzeko eta ustiatzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea onetsi du. Hau da, tabako-dendetan, kioskoetan, tokiko saltokietan eta abarretan egin ahal izatea; izan ere, hiriguneetatik kanpoko lekuetan eta landa-eremuetan 2016. urteko kargatzeen zenbatekoa 20 milioi eurotik gorakoa izan zen.

Azkenean, Bizkaiko Garraio Partzuergoak onetsi du Kantabriako Centro Tecnológico en Logística Integral fundazioarekin zuen lankidetza-hitzarmena luzatzea, Kantabriako Gobernuaren mende dagoen entitateak hala eskatu eta gero. Hitzarmenaren xedea da Kantabriako garraio publikoan kontakturik gabeko txartela ezartzen laguntzea eta partzuergoaren esperientziaren berri ematea. Hitzarmen horren bitartez, BGP lankidetzan arituko da Bizkaiko ereduaren antzeko beste bat ezartzeko hainbat alderdiri dagokionez: eskema, ezaugarriak, garapena, teknologia, zehaztapenak...

EranskinaTamaina
PDF icon Informazio gehiago52.92 KB
27/10/2017

Erakundeen arteko akordio bati esker, garraio publikoko 11 Bezeroaren Arretarako Bulego (BAB) integral izango ditu Bizkaiak

Bizkaiko garraio publikoko 11 BAB (bezeroentzako argibide bulegoak) jarriko dira martxan azaroaren 7an, Bizkaiko erakunde nagusien eta garraio publikoko operadoreen arteko akordioari esker, eraginpeko erakunde guztietako ordezkariek gaur goizean bertan emandako prentsaurrekoan iragarri dutenez.

Horren ondorioz, orain arte operadore bakar gisa garraio modu bakarreko gorabeherei, kudeaketei eta abarri erantzuna eman izan dieten bulegoek zerbitzu osoa emango dute aipaturiko egunetik hasita, Bizkaiko garraio publikoko sistemarekin loturiko edozein arlotan arreta eskainita. Operadoreek gaur dituzten gainerako informazio-guneek orain arte moduan jarraituko dute lanean.

Agerraldian, honako hauek hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzatik, Azpiegitura eta Garraioetako Antonio Aiz sailburuordeak; Bizkaiko Foru Aldunditik, Bizkaiko Garraioa, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Saileko foru diputatuak; Bilboko Udaletik, Mugikortasun eta Iraunkortasuneko Alfonso Gil zinegotziak; Estatuko Administraziotik, Renfek EAEn duen Julián Padierna gerenteak eta Bizkaiko Garraio Partzuergotik, Manuel Tejada zuzendari gerenteak.

BAB berriek Barik transakzio guztiak egiteko ahalmena izango dute, Barik txartel pertsonalizatuak ematea barne. Sisteman atxikiriko operadore guztiei buruzko informazio orokorra eskainiko dute: ordutegiak, lineak, tarteak, tarifak, ibilbideak, etab., eta operadore guztien kexei eta erreklamazioei emango diete erantzuna. Horretarako, erreklamazio-orriaren eredu bera izango dute.

Horiek funtzio guztiak ez dira egiten gaur egun erabiltzailearen arretarako ezein kabinatan edo bulegotan. Izan ere, operadore bakoitzak bere zerbitzuari buruzko informazioa eskaintzen du edo bere tituluak kudeatzen ditu.

Hemendik aurrera, gertatzen diren gorabehera edo kudeaketa guztiei emango die erantzuna BAB kudeatzen duen operadoreak, bere garraio moduarekin zerikusia izan zein ez. Egoerarik gehienetan, berak emango du erantzuna, eta hori egiterik ez badu, Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) emango dio, ebazpena eman dezan edo entitate eskudunari helaraz diezaion. Horri esker, beharrezkoak ez diren bidaiak, izapideak edo eragozpenak saihestuko dira. Hala, herritarrek Bizkaiko garraio publikoari buruz duten irudipen bateratua handitu nahi da, egin beharreko kudeaketak edo argibideak biltzeko “gune” bakarra emanez.

EranskinaTamaina
PDF icon BABen zerrenda eta informazio gehiago.115.77 KB
04/10/2017

Errumaniako ordezkaritza batek bisita ofiziala egin du Metro Bilbaora, Bizkaiko Garraio Publikoa ezagutzeko xedez

Metro Bilbaok Errumaniako ordezkaritza baten bisita ofiziala hartu zuen atzo, Bizkaiko garraio publikoa hurbiletik ezagutzeko xedez etorritakoa. Metro Bilbaoko zuzendari nagusia, Eneko Arruebarrena, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) zuzendari nagusia, Manu Tejada, anfitrioi gisa aritu dira Errumaniatik jasotako bisitarekin. Honako hauek izan dira Errumaniako ordezkaritza osatu dutenak: lehendakaria eta lehendakariordea, Iustin Cionca eta Silviu Huduzeu hurrenez hurren, Hunedoarako alkatea, Mircea Flaviu, eta Timisko alkatea, Calin Ionel.

28/09/2017

Kolonbiako ordezkaritza batek BGP bisitatu du. Bizkaiko Garraio Publikoa ezagutzeko

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) harrera egin zion atzo arratsaldean Kolonbiako ordezkaritza ofizial bati, Bizkaiko garraio publikoa hurbiletik ezagutzeko etorri zena. Manizales, Montería, Cali eta Pasto udalerrietako alkatetzen plangintzako idazkariek Euskadi bisitatu dute aste honetan. Mugikortasun iraunkorra eta garraioaren garapen ordenatua barne hartzen dituen euskal esperientziarekiko interesa agertu dute, baita metro eta trenaren aurrekariekiko ere, beren garapena eta finantzaketari dagokienez.

25/09/2017

Barik txartela telefono mugikorraren bidez kargatzeko aplikazioa patentatu du BGPk

Patente eta Marken Espainiako Bulegoak Patente titulua eman dio Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP), sistema orokorraren segurtasuna gordez Barik txartela telefono mugikorraren bidez kargatzeko prozedura aitzindariagatik. Bi urte iraun duen prozesu metodiko baten ostean, azkenean, estatu eremuan hogei urteko iraupena duen patentea lortu du. Erdietsitako arrakasta horri esker egiaztatu da Bizkaiko Garraio Partzuergoa I+G+b eremuan aitzindaria, berritzailea eta abangoardista dela; hori guztia, garraio publikoaren bidez Bizkaia gero eta hobeto lotu eta kohesionatzeko helburuarekin.

Patente eta Marken Espainiako Bulegoak aitortu du telefono mugikorraren bidez Barik txartela kargatzeko prozedura erabateko asmakuntza bat dela babesari dagokionez. Hain zuzen ere, horregatik eman diote patentea. Patente bat lortu ahal izateko hainbat baldintza bete behar dira, besteak beste berria izatea eta berrikuntza hori industrian aplikatu ahal izatea. Duela bi urte hasi zen patentea eskatzeko prozesua, banku-erakundeek edo erakunde-pribatuek aurrea hartu eta etekinak atera ez zitzaten helburuarekin. Patentea lortzeko prozesu zorrotz bat gainditu behar da, non berritasuna aztertzen den. Horrez gain, mundu osoan miaketa bat egiten da, asmakizuna patentatu daitekeen edo ez zehazteko.

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) “Barik NFC” aplikazioaren bidez 200.500 karga baino gehiago egin dira dagoeneko. Doako “app” honek 67.498 erabiltzaile ditu guztira eta Android sistema-eragiledun mugikorren bidez Barik txartelak kargatzeko balio du. Egunean batez beste egiten den karga kopurua gero eta handiagoa da: hasi zenetik 352; 2017an 427, eta aurtengo irailean 537.

2016ko martxoaren 1az geroztik, posible da Barik txartela sakelako telefono adimendun batetik kargatzea. Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Google PlayStore-n aktibatu zuen “app” hori. Hari esker, denbora laburrean txartela kargatzeko milaka puntu berri erantsi ahal izan dira, eta Bizkaian banatutako 800 fisikoei gehitu zaizkie (tabako dendak, kioskoak, kutxazainak, geltokiak...). Aplikazio berriari esker, erabiltzaileak edozein Barik kargatu ahal izango du, nahi beste aldiz, edozein tokitatik eta eguneko edozein ordutan. Horrez gain, geratzen den saldoari, azken mugimenduei eta beste gauza askori buruzko informazioa lortu ahal izango du.

Txartelen sistemen eremuan izaten diren azken aurrerapen teknologikoak, pixkanaka, Bizkaian ezarri nahi ditu BGPk; hain zuzen, proiektua BGPren politika horren barruan sartzen da. Lortutako datuei erreparatuz gero, arrakasta handia izan duela esan daiteke; izan ere, hasierako itxaropenak gainditu egin dira. Aplikazioa abian jarri aurretik, Barik txartelaren ohiko puntuetan kargatu ahal zitekeen txartela (Metro Bilbao, Euskotren, Euskotran, Renfe –FEVE barne-, Larreinetako funikularra, Artxandako funikularra, Bilbobus eta Bizkaibuseko kabinak, tabako dendak, kioskoak, merkataritza lokalak eta BBK-ko kutxazainak); eta 2015eko abenduaz geroztik webgunean bertan (ctb.eus) ere egin daiteke. Gaur egun, 1.543.000 milioi Barik txartel daude.

EranskinaTamaina
PDF icon pat170925.pdf51.29 KB
20/07/2017

BGPk 2,5 milioi euro bideratuko ditu Metro Bilbaon Aginte Toki berria martxan jartzeko, gertakari larririk dagoenen aktibatuko dena

Basauriko Arizen dauden bagoi-tokietako instalazioetan egongo da Metro Bilbaoren Aginte Toki Osagarria, eta lurrazpikoaren sistema guztien kontrola bere gain hartuko du gertakari larriren batek Aginte Toki Nagusia (Nafarroa kaleko 2an dagoena) erabiltezin uzten duenean.

Dagoeneko burutzen ari dira egokitzapen-ekintzak metroren katigamenduetan; horretarako 400.000 euroko inbertsio osagarria egin da, Aginte Toki Osagarri berriaren sorrera aurreikusita.

Egungo Aginte Toki Nagusiak, era berean, trafiko-kudeaketari dagozkion funtzionaltasun berri eta osagarriak izango ditu, barne-eragiketak hobetzea ahalbidetze aldera.

EranskinaTamaina
PDF icon Informazio gehiago356 KB
13/07/2017

BGPk 4 milioi euro baino gehiago emango ditu Metroaren segurtasuna, fidagarritasuna eta egonkortasuna hobetzeko obrak burutzeko

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) Kontseilu Nagusia gaur eguerdian bildu da Bilbon duen egoitzan, eta onetsi du guztira 4.115.756 euro baliatzea Metro Bilbaoko erabiltzaileen segurtasuna, fidagarritasuna eta egonkortasuna hobetzeko zenbait obra eta jarduketa burutze aldera. Zehazki, 2.194.794 euro inbertituko dira 1. lineako Ibarbengoa eta Larrabasterra geltokien arteko tartearen trenbide-plataforma berritzeko; 1.149.500 euro Sopelako kotxe-tokietako instalazioen unitateetako gurpilen profila zuzendu eta optimizatuko dituen tornu berria erosteko; 428.642 euro Etxebarriko bretelle delakoa berritzeko, 1. lineak eta 2. lineak partekatzen duten tartean noranzkoa aldatzea ahalbidetzen duena; eta 342.820 euro Lutxana azpiestazioko estalkia aldatzeko, hondaturik baitago.

Bestalde, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak onetsi egin du soberakinaren kontura egindako aurreko ekitaldiko bi maileguren aurretiazko amortizazioa gauzatzea, 7.857.142 eurotan eta 2.357.142 eurotan. BGPren asmo nagusietako bat ahalik gehien amortizatzea da, eta bi mailegu horiek zigorrik gabe aurretiaz ezezta daitezkeen artean interes-tasarik altuena dute. Deuseztatze horri esker, hobetu egingo da batez besteko zorraren kostua, baita dagozkien interesak ez ordaintzetik sortutako aurrezkiena ere. Bi maileguak 2012. urtean egin ziren.

Azkenik, BGPko Kontseilu Nagusiak bi lankidetza-hitzarmen desberdin onetsi ditu. Lehenengoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren, Urdulizko Udalaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arteko lankidetzaren emaitza da. Horren helburua ur-saneamendu eta -hornidura sarea hobetzea da, udalerria zeharkatzen duen metroaren zatia lurperatzeko obren ostean. BGPri dagokion finantzaketa 579.211 eurokoa da, eta jarduketaren guztizko zenbatekoa 1.544.564 eurokoa da.

Onetsitako bigarren lankidetza-hitzarmena BBC txartel turistikoa Bilbao Bizkaia Card txartelean ezartzeari buruzkoa da, txartel hori atxikitako garraiobideetan erabiltzeko eta adierazitako txartel turistikoa Bizkaibusen lineetan erabil dadin; hori guztia Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Era berean, BGPren eta Bilbao Ekintza erakunde publikoaren arteko harremanak arautzen dituen kontratua ezarriko da, BBC txartelari eta horren baitan dagoen BBC txartel turistikoari buruzkoa.

EranskinaTamaina
PDF icon 170713_bn.pdf52.25 KB
30/06/2017

Artxandako Funikularrak Tripadvisor 2017 Bikaintasun Ziurtagiria lortu du.

Artxandako Funikularrak bigarren urtez jarraian lortu du TripAdvisor Bikaintasun Ziurtagiria. Ziurtagiria ematen den zazpigarren edizioa dugu aurtengoa, eta TripAdvisor webguneko erabiltzaileen aldeko iritziak oinarri hartuta banatu da.

Webgunea erreferentzia da nazioartean, eta bidaiari zein turistei dago zuzenduta. 150 milioi iruzkin baino gehiago jasotzen ditu, bai eta mundu osoko beste lau milioi entitateren balorazioak ere. Artxandako Funikularrak berriz ere lortu du Bikaintasun Ziurtagiria, eta argitalpen horietan oinarritzen da, hain zuzen ere. Webgunean aldizka erabiltzaileen iritzi onak jasotzen dituzten lekuak eta establezimenduak aintzatesten dira.

Artxandako Funikularrak Castaños eta Artxanda auzoak lotzen ditu hiru minutuko tarte laburrean eta hamabost minutuko maiztasunarekin. Udako hilabeteetan, hau da, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, hauxe da funikularraren ordutegia: astelehenetik ostegunera 07:15etik 22:00etara; ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperatan, 07:15etik 23:00etara; eta igandeetan eta jaiegunetan 08:15etik 22:00etara.

15/06/2017

BGPk Bizkaiko Garraio Publikoaren 2017. urteko irukirik onenak saritu ditu

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) “Bizkaiko garraio publikoari begirada bat” lehiaketaren laugarren edizioak baditu irabazleak: Iñaki Alonso, “Sobre la plataforma” argazkiagatik, gure garraio publikoa kategorian; Manuela Gallardo, “Conectad@s con lo nuestro” irudiagatik, nire bizitza garraio publikoan kategorian; eta José Ignacio Olabarria, “Nueva luz” argazkiagatik, lehiaketako hirugarren kategorian, Bizkaiko garraio publikoaren berritasunak eta hobekuntzak. Parte hartzeagatik emandako saria Cristina Vañesek jaso du. Manu Tejada BGPko zuzendari nagusiak gaur banatu ditu sariak San Nikolas geltokian, eta lehiaketan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie. Guztira, 352 jaso dira.

“Bizkaiko garraio publikoari begirada bat” lehiaketaren IV. edizioan hiru kategoria egon dira:

-Nire bizitza garraio publikoan, non irudien bitartez garraio publikoan igarotzen dugun denbora adierazi den. Egunero-egunero mila bizkaitarrek garraio publikoa erabiltzen dute toki batetik bestera joateko, hala nola ikastetxera, lanera, aisialdirako guneetara eta abar.
- Bizkaiko gure garraio publikoa kategorian Bizkaian erabil daitezkeen garraio publiko guztiengatik herritarrek sentitzen duten harrotasuna islatu duten argazki guztiak sartu dira, garraio publiko guztiak bereizten dituzten irudiak.
- Eta Bizkaiko garraio publikoaren berritasunak eta hobekuntzak kategorian, gero eta integratuagoa, multimodalagoa, erosoagoa eta eraginkorragoa den garraio publikoan mugitzea errazagoa eta samurragoa egiten duten berritasunak eta hobekuntzak islatu dituzten irudiak jaso dira.

09/06/2017

BGPk 41.112 titulu berri merkaturatu ditu maiatzean, aurreko txartelekin baino 7.000 gehiago.

Martxoaren 8an aldi baterako txartel multimodalak kaleratu ziren, eta ordutik lehenengo hilabete osoa igaro eta gero, konparatzeko moduan gaudenean, Bizkaiko Garraio Partzuergoak balorazio oso positiboa egin du. Hori da maiatzeko egoera titulu berriak martxoan kaleratu osteko lehenengo egunak zein apirilean bidaiari gutxiago ekarri zuten Aste Santua eta Pazko astea igaro eta gero. BGPk 41.112 txartel berri merkaturatu ditu maiatzean, aurreko txartelek aldi berean kaleratutakoak baino 7.000 gehiago. Emaitza horiek erakusten dute BGPk ezarritako eredu berriari esker, Bizkaiko garraio publikoa erabiltzen dutenen eskaerei erantzun zaiela.

Aldi baterako txartel multimodal berriak Bizkaiko garraiobide handienetako hirutan erabili ahal dira (Metro Bilbao, EuskoTren eta Bilboko tranbian). Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin du ekimenarekin; lankidetza horri esker, Bizkaian erroldatutako gazteek txartel multimodal berriak metroan, trenean eta tranbian erabiltzeaz gain, Bizkaibusen ere erabili ahal izango dituzte.

Erabiltzaileek gehien komeni zaien aldi baterako txartel multimodala kargatu ahal dute, bi bertsio dituzten tituluak: bat oro har jendearentzat dagoena eta bestea gazteentzat pentsatutakoa. Bertsio bakoitzean, halaber, bi aukera daude: bidaia mugatuekin bat eta bidaia mugagabeekin beste bat.

Maiatzean, gazteek azterketak dituzten hilean, 41.112 titulu berri saldu ziren: 21.547 BIDAI 50 (% 52,41), 5.425 BIDAI 70 (% 13,20), 7.745 BIDAI ORO (% 18,84), 3.748 GAZTE 70 (% 9,12) eta 2.647 GAZTE ORO (% 6,44), eta, horiez gain, ia beste 8.000 gehitu behar dira Metro Bilbaoko urteroko Gazte txartelengatik.

Txartel multimodal berriek abantaila bat dute aurrekoekin alderatuta; izan ere, orain arte, aldi baterako titulu guztiek −Metro Bilbaoko hileko txartela, Bizkaibuseko Gazte txartela, EuskoTreneko hileko txartela eta Metroko Super 50− garraiobide bakarrean erabili zitezkeen. Orain, titulu berarekin, erabiltzaileek atxikitako garraiobide guztietan bidaiatu ahal dute erakunde-arteko lankidetza-erabaki eta esfortzu handiari esker. Ondorioz, Bizkaiko garraio publikoa erabiltzen duten herritarrei erosotasun handiagoa eta zerbitzu hobea eskainiko zaie.

Halaber, Metro Bilbao, Euskotren, Bizkaibus eta Renfeko ohiko arreta-puntuek horien inguruko informazioa ematen jarraitzen dute, bai eta BGPren webguneak (www.ctb.eus) eta Bezeroen Arretarako Bulegoak ere (946 855 000 edo barikctb@cotrabi.eus). Xede horretarako, langile gehiago jarri dira. Gaur egun ere, puntu horiek irekita daude erabiltzaile bakoitzari zehazki kasu bakoitzean zein txartel dagokion aholkatzeko.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak nahi du garraio publikoa erabiltzen duten pertsona guztiak informazio-puntu horietako batera joatea eta erabiltzen ari diren txartela beren premietara hobekien egokitzen dena ote den galdetzea.

EranskinaTamaina
PDF icon Informazio gehiago53.9 KB
02/06/2017

Actibatu+ programan parte hartu duten Ezkerralde, Meatzalde eta Enkarterriko 247 ikaslek beren lanaren aitorpena jaso dute.

Ekitaldia Barakaldo antzokian egin da, eta Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak; Unai Gangoiti Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendariak; Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak eta Carlos Oppe Nazioarteko GAPeko presidenteak hartu dute parte. Ikasleek Aktibatu+ programan parte hartu dutela egiaztatzen duen diploma jaso dute.

Bestalde, saria eman zaie edizio honetan parte hartu duten 19 zentroek eginiko lan guztien artean programaren epaimahaiak aukeratutako lanei.

Ikastetxeen kasuan, programak bi modulu ditu: energiari buruzkoa, zeinaren bidez energiaren kontsumoa murriztu nahi den erabilera arrazionalizatuz, eta, erosketa eta hondakinei buruzko modulua, zeinaren bidez hondakin horien sorrera gutxitu nahi den, haien kudeaketa hobetu nahi den, eta garapen iraunkorrarekin bat egiten duten erosteko irizpideak lortu nahi diren. Hain zuzen ere, ikasleek lortu dute paper eta organikoen hondakinak ia % 50 jaistea gela eta patio batzuetan. Horrez gainera, lortu dute gaikako bilketako edukiontzietan txarto utzitako hondakinen portzentajeak behera egitea, bereziki ontzietarako edukiontzian.

Aurtengo edizioan, Ezkerralde, Meatzalde eta Enkarterriko 19 zentroetatik 14k energiari buruzko moduluaren barruan hartu dute parte. Edizio honetan, oro har, ikasleek proposatutako ekintzek sortu dute zentro guztietan energia modu eraginkorragoan erabiltzea, eta batez beste % 18 jaitsi da kontsumoa. Beste emaitza batzuen arabera, bost zentrotan 1,7 tona CO2 aurreztu da eta urteko 87.000 kw beste bostetan; eta, batez beste, % 39 murriztu da argien erabilera beste sei zentrotan.

Erosketa eta hondakinei buruzko moduluan , bost zentrok hartu dute parte (Leioan, Getxon, Larrabetzun eta Loiun daude, eta programaren aurreko edizioan ere parte hartu zuten). Hain zuzen ere, ikasleek lortu dute paper eta organikoen hondakinak ia % 50 jaistea gela eta patio batzuetan. Horrez gainera, lortu dute gaikako bilketako edukiontzietan txarto utzitako hondakinen portzentajeak behera egitea, bereziki ontzietarako edukiontzian.

Etxeen kasuan, kanpaina oraindik ere irekita dago eta pare hartu nahi dutenek web berezi bat dute non eskuragarri dituzten gai hauek lantzeko tresna sinple eta eraginkor batzuk: erosketak eta hondakinak, ura, energia eta mugikortasuna. Programan parte hartzen duten udal eta mankomunitateen web orrien bidez edo www.bizkaia21.eus atariaren bidez sar daiteke plataformara, Aktibatu+ atalean kontsulta eginda.

EranskinaTamaina
PDF icon 170602_activate.pdf47.97 KB
15/05/2017

Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzak egin duen lehen bileran onetsi du 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa,

Inplikatuta dauden alderdi guztiek Lankidetza Hitzarmena sinatu ondoren, gaur goizean egin dute Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzaren (BMA) lehenengo bilera; organo hori lurraldeko garraioaren arloko erakundeen arteko lankidetza organoa da.

Bilera horretan lankidetza organo berriak bi erabaki garrantzitsu hauek hartu ditu: 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa idazteko agindua ematea eta Herritarrei Laguntzeko Bulego Integral berriak martxan jartzea.

Abian jarri berri den Bizkaiko Mugikortasun Agintaritza berria Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren arteko esfortzu eta lankidetzari esker sortutako erakundea da. Zenbait urtez zain egon behar izan gara Bizkaiko garraio publikoa hobetuko duen administrazio publikoen arteko lankidetza organoa sortu ahal izateko beharrezko babes politikoa izan arte.

Gaur goizeko ekimenarekin hasierako faseari bukaera eman zaio eta beste fase berri bat hasi da; honetan, garraio publikoaren koordinazioan aurrerapenak egingo dira baliabideak optimizatzeko, bikoizketak saihesteko eta lurralde eta gizarte kohesio eraginkorragoaren alde egiteko. Garraio publikoaren zerbitzu eta azpiegituren planifikazio eta koordinazioari eragiten dieten erabakiak lankidetza organo horretan eztabaidatuko dira eta erabakiak aho batez hartuko dituzte ordezkatutako erakunde guztiek, bakoitzak bere eskumenak mantenduko baititu.

Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzak lan egingo du Tarifak Bateratzeko Sistema Ezartzeko aurrerapenak egin daitezen, Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) ere defendatutakoarekin bat eginez. Horrez gain, zerbitzua eraginkorragoa izateko eta garraio publikoari bideratutako inbertsioak lehenesteko ere lan egingo du.

Hauek dira BMA osatzen duten kideak: Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkari: Antonio Aiz (Garraio sailburuordea), Janire Bijuesca (Garraio Planifikazioaren zuzendaria) eta lmanol Leza (EuskoTreneko zuzendari nagusia); Bizkaiko Foru Aldundiko hiru ordezkari: Vicente Reyes (Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatua), Vidal Martínez, (Garraioko foru zuzendaria) eta Aitor Cobo, (Finantza foru zuzendaria); Bilboko Udaleko bi ordezkari: Juan Maria Aburto (Bilboko alkatea) eta Alfonso Gil, (Mugikortasun eta Iraunkortasuneko zinegotzia), eta BGPko ordezkari bat: Manuel Tejada (zuzendari kudeatzailea).

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Bizkaiko Lurraldeko foru diputatua, Vicente Reyes, izango da erakundeen arteko lankidetza organoaren presidentea.

Aurreikuspenen arabera, etorkizunean bidaiarien hiri garraio kolektiboari lotutako zerbitzuak ematen dituzten Bizkaiko udalerriak eta Estatuko administrazioa ere atxiki ahal izango zaizkio Hitzarmenari. Organoak aurretik hala erabakitzen baldin badu, enpresa publiko erakundeei dagozkien saioetan hitz egiteko aukera izango dute hauek: Sustapen Ministerioaren mende dagoen eta Trenbide Azpiegiturak Administratzen dituen ADIF enpresa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) eta garraio operadoreak.

• 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa
BMAk 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa sortzeko agindu du. Azterketa horretan lurraldeko garraio publikoak gaur egun duen egoeraren diagnosia egin beharko da hiru ikuspuntu hauetatik: ekonomikoa, teknikoa eta juridikoa. Horretarako, garraiobide ezberdinen balizko gabeziak, gainjartzeak eta bikoizketak aztertu beharko dira.

Plan handia da, eta horri esker lurraldeko mugikortasuna hobetzeko neurri berriak ezarriko dira. Horien artean, lehentasuna emango zaie garraioaren azpiegituretako inbertsioei eta bateratutako tarifa sisteman sakonduko da. Horretarako, ordainketa komunaren eredua, zonakatzea, garraio-aldaketak eta kolektiboak homogeneizatzea landuko dira besteak beste.

Neurriak definitu behar dira, besteak beste hauetarako: pertsonen garraio publikoko sistema optimizatu eta arrazionalizatzeko, garraioaren azpiegiturak aztertzeko eta beharrezko inbertsioei lehentasuna emateko, garraio kolektiboa sustatzeko, ibilgailu pribatua ahalik eta gutxien erabiltzea sustatzeko edo berariaz autobus edo bizikletentzat diren ibilbideak definitzeko.

• Herritarrei Laguntzeko Bulego Integralak
BMAk hartu duen beste erabakietako bat “leihatila bakarra" ezartzeko aurrerapausoak egitea da Barik txartela eta partzuergoko titulu guztiak kudeatzeko. Horretarako, pixkanaka-pixkanaka Herritarrei Laguntzeko Bulego (HLB) berriak sortuko dira garraio publikoari begira interesgarriak diren lekuetan.

HLB berriak operadoreek gaur egun dituzten informazio puntuei gehituko zaizkie, horiek funtzionatzen jarraituko baitute. Erabiltzaileei arreta emango die eta ez dute kontuan hartuko non egin dituzten birkargak, nondik bidaiatzen duten eta gorabeherak gertatu diren lekuak. Metroko ohiko bulegoek edo Bizkaibuseko kabinek ematen dituzten zerbitzuak osatzeko zerbitzua izango da hain zuzen ere.

“Lehiatila bakarraren” eredua San Mameseko bulegoa da; bertan sistemako operadore guztietako gorabeherak lantzen dira eta in situ ebazten dira zenbaitetan, eta beste batzuetan BGPra bidaltzen dira bertan ebazteko edo dagokion erakundera bideratzeko. Gaur egun lortu nahi dena da sistema horrekin lan egiten duten operadore ezberdinen HLB guztiek modu berean lan egitea. Horretarako, BGPk aplikazio berri bat sortuko du, hain zuzen ere HLB guztiak batera lanean egoteak sortzen dituen erronkei aurre egiteko. Hala, sistemaren HLB guztietako jarduketa komunak aplikazio batean integratuko dira, eta erregistro bakarrean egongo dira arreta eta gorabehera guztiak, Barik aplikaziokoekin batera. Gainera, etorkizuneko HLBetan erabiltzaileei arreta emateko telefono zenbaki bakarra egongo da.

Modu horretan, herritarrek Bizkaiko garraio publikoaren inguruan duten pertzepzio bateratua handitzea lortu nahi da, egin beharreko kudeaketak eta informazio bilaketak “puntu” bakarrean gauzatzeko aukera ahalbidetuz.

EranskinaTamaina
PDF icon 170515_mugik_agintar.pdf100.64 KB
03/05/2017

BGP-k lehiaketa bat antolatuko du katenaria mantentzeko makina bat eskuratzeko eta Metroko 24 unitateren ateak hobetzeko

Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) Kontseilu Nagusia gaur eguerdian bildu da Bilboko egoitzan, eta bertan onetsi du trenbideetatik doan katenaria mantentzeko dresina edo makina berri bat hornitzeko kontratuaren lehiaketa deitzea 1.270.000 euroko zenbatekoan, eta urtebeteko epean, urteko bi partidatan. Gainera, 24 metro-unitateren bidaiarien ateak egokitzeko lizitazioa deitzea onetsi dute, 1.520.000 euroko zenbatekoan, eta lau urteko epean, urteko bost partidatan.

Dresina berriari dagokionez, trenbideetatik dabilen katenaria mantentzeko makina espezifiko bat da, eta 1.270.000 euroko aurrekontua dago horretarako, urteko bi partidatan banatuko dena, bat aurten eta bestea 2018. urtean. Modu jarraituan erabiliko da urteko gau guztietan zuzentzeko eta prebentziozko mantentze-lanak garatzeko, bai eta Metro Bilbaoren azpiegituran sortzen diren beste betekizun batzuetarako laguntza-zerbitzuetarako ere. Berezia da, bi bidetakoa baita, eta gomazko gurpilekin errepidetik zirkulatu ahal izango du, baina baita trenbidetik ere ohiko diplorys direlakoekin.

Guztira, 500 serieko bost bagoiko 13 tren-unitateren eta lau bagoiko 11 tren-unitateren ateak egokitu beharko dira, hau da, 24 ate lau bagoiko konposizioan eta 30 ate bost bagoiko konposizioan (54 ate). BGPko Kontseilu Nagusiak jarduketa hori 1.520.000 euroko zenbatekoan kaleratzea onetsi du. Lau urteko epean egiteko lana izango da, urteko bost partidatan.

EranskinaTamaina
PDF icon 170503_mak_kn.pdf46.5 KB
10/04/2017

Berriz irekiko da Urdulizko Metro-Geltokia

• 21 milioi euroko inbertsioa egin eta 24 hilabeteko egikaritze-epea burutu ondoren, behin betiko kendu da metro-sarearen azken trenbide-pasagunea.

• Guztira, 543 metroko luzerako tartea lurperatu da linean, geltokia barne, zeinak nasa bakarra daukan bi trenbideetarako, 6 metroko zabalerakoa.

• Urdulizko biztanleek lurzoru publikoko 6.000 metro karratu irabazi dituzte. Sopelaren eta Plentziaren bide-trazadurak ere hobetu dira obrek utzitako esparruari esker.

• Gaur kenduko da Sopela eta Plentzia lotu dituen autobus-zerbitzua, 1.680.000 euroko gastua ekarri duena.

Geltokia berriz irekitzeko ekitaldia egin da, eta bertan izan dira Bizkaiko Ahaldun Nagusia Unai Rementeria; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua Arantza Tapia; Urdulizko alkatea Javier Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea Antonio Aiz; Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko diputatua Vicente Reyes; BGPko zuzendari kudeatzailea Manu Tejada; Metro Bilbaoko zuzendari nagusia Eneko Arruebarrena; ETSeko zuzendari nagusia, Aitor Garitano; Sopelako Alkateak, Gontzal Hermosilla; eta Plentziko Alkatearen ordez, Aizea Agiriano.

Urdulizko geltoki berria aurrekoaren kokapen bera du; baina, orain, erabat lurperatuta dago; bestalde, igogailua dauka eta kanpoko fosteritotik sartzen da bertara. Geltokirako sarrera berorren gainean sortu den hiri-espazioaren kota berean dago. Esparru horrek estaltzen du trenbidearen igarobideak orain arte utzitako “orbaina” udalerriaren hirigunean.

Gaurtik aurrera, Urdulizek garapenerako hainbat aukera izango ditu: aisialdi-gune seguru bat, lurpeko geltoki irisgarri bat, mugikortasun hobea trenbide-trazaduraren inguruan, pertsonentzako eta ibilgailuentzako segurtasun handiagoa... Ildo horretan, BGPk hitzarmena izenpetu du tokiko udalarekin, eta 400.000 euro emango dizkio lurperatze-lanen ondorioz sortutako azalera urbanizatzeko.

Sopelaren eta Plentziaren arteko metro-zerbitzua etenik egon dela baliatuz, hainbat hobekuntza-lan egin dira Urduliz−Plentzia eta Urduliz−Sopela tarteetan.

EranskinaTamaina
PDF icon 170410_urduliz.pdf74.64 KB
31/03/2017

Gaurtik aurrera Barik txartelarekin bidaiatu ahal izango duzu Donostiako Udal-Autobusetan.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) jakinarazi du gaurtik aurrera Barik txartela erabili ahal izango dela Donostiako udal-autobusetan, DBus udal-enpresakoak diren horietan, alegia. Elkarreragingarritasunari buruzko proiektua joan den otsailean hasi zen, 45. linearekin (Renfe Bus geltokiak-Antigua-Aiete). Izan ere, linea hori aukeratu dute pixkanaka-pixkanaka egin den ezarpenaren abiapuntu gisa; astez aste ezarri da, gaur arte. BGPk, halaber, gogorarazi nahi du Gasteizko tranbian ere Barik txartelarekin ordaindu daitekeela 2014ko abendaren 22tik.

Barik txartela erabiltzen duten pertsona guztiek Donostiako udal-autobusen sare guztian erabili ahal izango dituzte bai tarifa hobaridunak, bai pertsonalizatu gabeko txartelak; gainera, hainbat aldiz balioztatu ahal izango dira. Horretarako, Dbus enpresako autobusetan ordaintzeko makina berriak instalatu dira eta gidariek berariazko prestakuntza jaso dute. Makinak gidarien ondoan kokatu dira eta Barik-eko logoekin identifikatu dira.

Neurri horrekin aurrera egin da Euskadin txartel bakarra izateko egitasmoan; horren helburua egun dauden hiru garraio-txartelak —BAT, BARIK eta MUGI, bat lurralde bakoitzeko— euskal garraio publikoaren sare guztian berdin erabili ahal izatea da. Proiektu hori erakunde eta operadore askoren arteko lankidetzari esker burutu da; besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Garraio Agintaritza, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza (TGG), Bizkaiko Garraio Partzuergoa (BGP), Araban BAT txartela kudeatzen duen erakundea eta Dbus.

20/03/2017

BGPk eta Burgosko Udalak hitzarmena izenpetu dute.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) eta Burgosko Udalaren Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuak hitzarmena sinatu dute gaur goizean BGPren egoitzan, Bilbon; hain zuzen ere, Burgosko garraio publikoan kontakturik gabeko txartela ezartzen laguntzeko eta BGPren esperientzia helarazteko. Hitzarmen horren bitartez, BGP lankidetzan arituko da aipatutako udalarekin, Bizkaiko ereduaren antzeko beste bat ezartzeko hainbat alderdiri dagokionez: eskema, ezaugarriak, garapena, teknologia, zehaztapenak...

Ez da administrazio batek BGPri lankidetzan aritzeko eskatzen dion lehen aldia, ildo horretan, haren iaiotasuna (edo know-howa) ezartzeko. Izan ere, Bizkaiko Garraio Partzuergoak lankidetza-erabakia izenpetu zuen 2015eko abenduan Centro Tecnológico en Logística Integral de Cantabria fundazioarekin, kontakturik gabeko txartela garatu eta ezartze aldera Kantabriako Autonomia Erkidegoko garraio publikoan.

06/03/2017

Tarifen integraziorako batzordeak Bizkaiko Garraio-Modu Publiko guztietarako zonakatze eta profil gehiago bateratu ditu.

Tarifen Integraziorako Batzordeak, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Renfe entitatearen Metro Bilbaoren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) ordezkariak dituenak, profil berriak bateratzea onetsi du. Hori horrela, dagoeneko bateratuta zeuden familia ugarien, 65 urtetik gorakoen eta gazteen kasuez gain, gurpil-aulkia duten pertsonen eta itsuen laguntzaileak gehituko dira, bai eta haurrak ere. Hau da, laguntzaile horiek eta 6 urtetik beherako adingabeek ez dute ordaindu beharko modu ezberdinetan bidaiatzeagatik: Metro Bilbao, Bizkaibus, Euskotren, tranbia eta Bilbobus.

Tarifen Integraziorako Batzordeak, halaber, Bizkaiko garraio publikoko modu guztien zonakatzea onetsi du, ohar honi erantsitako infografiaren arabera. Neurri horiek guztiak Tarifen Integraziorako Batzordearen Batzorde Teknikoa egin eta gero ondorioztatu dira, eta lurralde historikoari tarifa-integrazio moderno bat ematea dute azken xedetzat, Bizkaiko garraio publikoaren kalitateak merezi duen bezalakoa.

EranskinaTamaina
PDF icon infografia_def13.pdf1.51 MB
28/02/2017

BGPk martxoaren 8an merkaturako ditu aldi baterako txartel multimodal berriak

Bizkaiko Garraio Partzuergoak martxoaren 8an merkaturatuko ditu aldi baterako txartel multimodal berriak. BGPk informazio-kanpaina bat abiarazi du gaur titulu berriak ezagutzera emateko, hain zuzen, erabiltzaileak ohitu daitezen 3. linea martxan jartzeak ekarriko dituen titulu eta tarifa berrietara. Tituluok sinpleagoak izango dira, eta balioko dute Metro Bilbao, Euskotren eta Bilboko tranbian bidaiatzeko, eta Bizkaian erroldatuta dauden 26 urtetik beherakoen kasuan, Bizkaibusen ere erabili ahal izango dira.

Bada, hauexek dira aldi baterako titulu multimodal berriak: BIDAI 50, BIDAI 70 eta GAZTE 70, bidaia mugatuen kasuan; eta BIDAI ORO eta GAZTE ORO, bidaia mugagabeen kasuan. Hortaz, desagertuko dira aldi baterako txartel pertsonal edo jabe-txartel guztiak, bai eta BGPko garraiobide bakarreko Gazte txartelak ere, atxiki diren garraiobideetatik (EuskoTren eta Bizkaibusetik; Metro Bilbaoko urteko Gazte txartela, ordea, mantenduko da).

Gizartearentzat oro har direnek −BIDAI 50, BIDAI 70 eta BIDAI ORO− balioko dute Metro Bilbao, EuskoTren, Bilboko tranbia eta Larreinetako funikularrean bidaiatzeko. Gazteentzat direnak −GAZTE 70 eta GAZTE ORO−, berriz, aurreko garraiobideetan ez ezik, Bizkaibuseko linea guztietan ere erabili ahalko dira.

Beste ildo batean, BGPko Kontseilu Nagusiak bilera egin du gaur eguerdian Bilboko egoitzan, eta onetsi du Urdulizko Udalarekiko lankidetza-hitzarmena. Horren bidez, udalak 400.000 euro jasoko ditu, udalerria zeharkatzen duen zatian metroa lurperatu izanaren ondorioz sortutako azalera urbanizatzeko; hots, Bilbo Metropoliko Trenbidea elizatean lurperatzeko obren eragina izan duten urbanizazioa, zoladura, espaloiak, hiri-altzariak eta zerbitzuak birjartzeko.

Bestalde, BGPko Kontseilu nagusiak onetsi du Burgosko Udalaren proposamena, Burgosko garraiobide publikoan kontakturik gabeko txartela ezartzeko lankidetzari buruzkoa. Proposamena bi aldeen arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatu da. Horren arabera, BGP Burgosko Udaleko Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuarekin elkarlanean arituko da, bertan Barik eredua ezartze aldera: eskema, ezaugarriak, garapenak, teknologia, zehaztapenak etab.

Informazio gehiago: https://www.ctb.eus/eu/aldi-baterako-tituluak-barik-txartelean

EranskinaTamaina
PDF icon 170228_tit_cg.pdf56.68 KB
PDF icon folleto.pdf372.81 KB

Orriak