Hamalau urtetik beherakoek dagoeneko Barik txartel pertsonalizatua eska dezakete uztailaren 1etik aurrera Bizkaiko garraio publikoan doan bidaiatzeko

Bizkaiko garraio publikoa egokitu egin zaio urtarrilaren 28ko 1/2025 Errege Lege Dekretuaren indarraldiari, hain zuzen ere, hamalau urtetik beherako erabiltzaileentzako doakotasuna ezartzen duenari. Neurria uztailaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta urte naturalean hamabost urte bete ez dituzten pertsona guztientzat izango da onuragarria.

Neurri horren aplikazioaren inguruan sortutako zalantzak ikusita, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak argitu du doakotasuna luzatuko dela erabiltzaileak hamalau urte betetzen dituen urteko abenduaren 31ra arte, hau da, hamabost urte bete arte.

 Onura hori lortzeko, ezinbestekoa izango da Barik txartel pertsonalizatua izatea, gaur egun hamabi urtetik beherakoentzat eskatzen den bezalaxe. Eskaerak BGPren, Metro Bilbaoren, Bizkaibusen, EuskoTrenen Bilbobusen eta Renferen aurrez aurreko arreta emateko bulegoetan egin daitezke dagoeneko. Izapidea amak, aitak edo legezko tutoreak egin behar du, adingabearen argazkia eta NANa edo familia-liburua aurkeztuta. 

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Errege Lege Dekretu hori aplikatzea onartu zuen joan den urtarrilaren 7an egindako Administrazio Kontseiluan. 

Adingabeentzako doakotasunaz gain, araudiak beste abantaila batzuk ere baditu Bizkaiko garraio publikoaren erabiltzaileentzat:

 • % 50eko deskontua gazteentzako abonuetan, Estatuak osorik finantzatuta.

 • % 40eko deskontua gainerako abonu eta bidaia anitzeko tituluetan, finantzaketa partekatuarekin: % 20 Estatuak estaltzen du, eta beste % 20 BGPren (% 10) eta Eusko Jaurlaritzaren (% 10) artean banatzen da. 

Neurri horiek lurraldean mugikortasun irisgarriagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa sustatzeko konpromisoaren parte dira.

 

2025-06-17