BGPk 4 milioi euro baino gehiago emango ditu Metroaren segurtasuna, fidagarritasuna eta egonkortasuna hobetzeko obrak burutzeko

Jarduketarik nabarmenen artean, hauek dira aipatzekoak: Ibarbengoa eta Larrabasterraren arteko trenbidea berritzea 2.194.794 euroko zenbatekoan, eta beste tornu bat eskuratzea Sopelako kotxe-tokietako gurpilak zuzendu optimizatzeko, 1.149.500 eurotan.

BGPren Kontseilu Nagusia gaur goizean bildu da, eta onetsi du soberakinaren kontura egindako aurreko ekitaldiko bi maileguren aurretiazko amortizazioa burutzea,

Halaber, onartu egin da Urdulizko lurpeko eremuan ur-saneamendu eta -hornidura sarea hobetzeko finantzaketa egitea.

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) Kontseilu Nagusia gaur eguerdian bildu da Bilbon duen egoitzan, eta onetsi du guztira 4.115.756 euro baliatzea Metro Bilbaoko erabiltzaileen segurtasuna, fidagarritasuna eta egonkortasuna hobetzeko zenbait obra eta jarduketa burutze aldera. Zehazki, 2.194.794 euro inbertituko dira 1. lineako Ibarbengoa eta Larrabasterra geltokien arteko tartearen trenbide-plataforma berritzeko; 1.149.500 euro Sopelako kotxe-tokietako instalazioen unitateetako gurpilen profila zuzendu eta optimizatuko dituen tornu berria erosteko; 428.642 euro Etxebarriko bretelle delakoa berritzeko, 1. lineak eta 2. lineak partekatzen duten tartean noranzkoa aldatzea ahalbidetzen duena; eta 342.820 euro Lutxana azpiestazioko estalkia aldatzeko, hondaturik baitago.

Bestalde, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak onetsi egin du soberakinaren kontura egindako aurreko ekitaldiko bi maileguren aurretiazko amortizazioa gauzatzea, 7.857.142 eurotan eta 2.357.142 eurotan. BGPren asmo nagusietako bat ahalik gehien amortizatzea da, eta bi mailegu horiek zigorrik gabe aurretiaz ezezta daitezkeen artean interes-tasarik altuena dute. Deuseztatze horri esker, hobetu egingo da batez besteko zorraren kostua, baita dagozkien interesak ez ordaintzetik sortutako aurrezkiena ere. Bi maileguak 2012. urtean egin ziren.

Azkenik, BGPko Kontseilu Nagusiak bi lankidetza-hitzarmen desberdin onetsi ditu. Lehenengoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren, Urdulizko Udalaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arteko lankidetzaren emaitza da. Horren helburua ur-saneamendu eta -hornidura sarea hobetzea da, udalerria zeharkatzen duen metroaren zatia lurperatzeko obren ostean. BGPri dagokion finantzaketa 579.211 eurokoa da, eta jarduketaren guztizko zenbatekoa 1.544.564 eurokoa da.

Onetsitako bigarren lankidetza-hitzarmena BBC txartel turistikoa Bilbao Bizkaia Card txartelean ezartzeari buruzkoa da, txartel hori atxikitako garraiobideetan erabiltzeko eta adierazitako txartel turistikoa Bizkaibusen lineetan erabil dadin; hori guztia Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Era berean, BGPren eta Bilbao Ekintza erakunde publikoaren arteko harremanak arautzen dituen kontratua ezarriko da, BBC txartelari eta horren baitan dagoen BBC txartel turistikoari buruzkoa.

2017-07-13