Patente eta Marken Espainiako Bulegoak Patente titulua eman dio Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP), sistema orokorraren segurtasuna gordez Barik txartela telefono mugikorraren bidez kargatzeko prozedura aitzindariagatik. Bi urte iraun duen prozesu metodiko baten ostean, azkenean, estatu eremuan hogei urteko iraupena duen patentea lortu du. Erdietsitako arrakasta horri esker egiaztatu da Bizkaiko Garraio Partzuergoa I+G+b eremuan aitzindaria, berritzailea eta abangoardista dela; hori guztia, garraio publikoaren bidez Bizkaia gero eta hobeto lotu eta kohesionatzeko helburuarekin.
Patente eta Marken Espainiako Bulegoak aitortu du telefono mugikorraren bidez Barik txartela kargatzeko prozedura erabateko asmakuntza bat dela babesari dagokionez. Hain zuzen ere, horregatik eman diote patentea. Patente bat lortu ahal izateko hainbat baldintza bete behar dira, besteak beste berria izatea eta berrikuntza hori industrian aplikatu ahal izatea. Duela bi urte hasi zen patentea eskatzeko prozesua, banku-erakundeek edo erakunde-pribatuek aurrea hartu eta etekinak atera ez zitzaten helburuarekin. Patentea lortzeko prozesu zorrotz bat gainditu behar da, non berritasuna aztertzen den. Horrez gain, mundu osoan miaketa bat egiten da, asmakizuna patentatu daitekeen edo ez zehazteko.
Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) “Barik NFC” aplikazioaren bidez 200.500 karga baino gehiago egin dira dagoeneko. Doako “app” honek 67.498 erabiltzaile ditu guztira eta Android sistema-eragiledun mugikorren bidez Barik txartelak kargatzeko balio du. Egunean batez beste egiten den karga kopurua gero eta handiagoa da: hasi zenetik 352; 2017an 427, eta aurtengo irailean 537.
2016ko martxoaren 1az geroztik, posible da Barik txartela sakelako telefono adimendun batetik kargatzea. Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Google PlayStore-n aktibatu zuen “app” hori. Hari esker, denbora laburrean txartela kargatzeko milaka puntu berri erantsi ahal izan dira, eta Bizkaian banatutako 800 fisikoei gehitu zaizkie (tabako dendak, kioskoak, kutxazainak, geltokiak...). Aplikazio berriari esker, erabiltzaileak edozein Barik kargatu ahal izango du, nahi beste aldiz, edozein tokitatik eta eguneko edozein ordutan. Horrez gain, geratzen den saldoari, azken mugimenduei eta beste gauza askori buruzko informazioa lortu ahal izango du.
Txartelen sistemen eremuan izaten diren azken aurrerapen teknologikoak, pixkanaka, Bizkaian ezarri nahi ditu BGPk; hain zuzen, proiektua BGPren politika horren barruan sartzen da. Lortutako datuei erreparatuz gero, arrakasta handia izan duela esan daiteke; izan ere, hasierako itxaropenak gainditu egin dira. Aplikazioa abian jarri aurretik, Barik txartelaren ohiko puntuetan kargatu ahal zitekeen txartela (Metro Bilbao, Euskotren, Euskotran, Renfe –FEVE barne-, Larreinetako funikularra, Artxandako funikularra, Bilbobus eta Bizkaibuseko kabinak, tabako dendak, kioskoak, merkataritza lokalak eta BBK-ko kutxazainak); eta 2015eko abenduaz geroztik webgunean bertan (ctb.eus) ere egin daiteke. Gaur egun, 1.543.000 milioi Barik txartel daude.