Bizkaiko garraio publikoko 11 BAB (bezeroentzako argibide bulegoak) jarriko dira martxan azaroaren 7an, Bizkaiko erakunde nagusien eta garraio publikoko operadoreen arteko akordioari esker, eraginpeko erakunde guztietako ordezkariek gaur goizean bertan emandako prentsaurrekoan iragarri dutenez.
Horren ondorioz, orain arte operadore bakar gisa garraio modu bakarreko gorabeherei, kudeaketei eta abarri erantzuna eman izan dieten bulegoek zerbitzu osoa emango dute aipaturiko egunetik hasita, Bizkaiko garraio publikoko sistemarekin loturiko edozein arlotan arreta eskainita. Operadoreek gaur dituzten gainerako informazio-guneek orain arte moduan jarraituko dute lanean.
Agerraldian, honako hauek hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzatik, Azpiegitura eta Garraioetako Antonio Aiz sailburuordeak; Bizkaiko Foru Aldunditik, Bizkaiko Garraioa, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Saileko foru diputatuak; Bilboko Udaletik, Mugikortasun eta Iraunkortasuneko Alfonso Gil zinegotziak; Estatuko Administraziotik, Renfek EAEn duen Julián Padierna gerenteak eta Bizkaiko Garraio Partzuergotik, Manuel Tejada zuzendari gerenteak.
BAB berriek Barik transakzio guztiak egiteko ahalmena izango dute, Barik txartel pertsonalizatuak ematea barne. Sisteman atxikiriko operadore guztiei buruzko informazio orokorra eskainiko dute: ordutegiak, lineak, tarteak, tarifak, ibilbideak, etab., eta operadore guztien kexei eta erreklamazioei emango diete erantzuna. Horretarako, erreklamazio-orriaren eredu bera izango dute.
Horiek funtzio guztiak ez dira egiten gaur egun erabiltzailearen arretarako ezein kabinatan edo bulegotan. Izan ere, operadore bakoitzak bere zerbitzuari buruzko informazioa eskaintzen du edo bere tituluak kudeatzen ditu.
Hemendik aurrera, gertatzen diren gorabehera edo kudeaketa guztiei emango die erantzuna BAB kudeatzen duen operadoreak, bere garraio moduarekin zerikusia izan zein ez. Egoerarik gehienetan, berak emango du erantzuna, eta hori egiterik ez badu, Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) emango dio, ebazpena eman dezan edo entitate eskudunari helaraz diezaion. Horri esker, beharrezkoak ez diren bidaiak, izapideak edo eragozpenak saihestuko dira. Hala, herritarrek Bizkaiko garraio publikoari buruz duten irudipen bateratua handitu nahi da, egin beharreko kudeaketak edo argibideak biltzeko “gune” bakarra emanez.
