Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) Kontseilu Nagusia eguerdian bildu da Bilboko egoitzan, eta 26 milioi euroko inbertsioak onetsi ditu, dagoeneko abian diren jarduketa eta azpiegitura estrategikoak 2018. urtean ere garatzen jarraitzea ahalbidetuko dutenak.
BGPk honako jarduketa hauek garatzen jarraituko du: Urbinagako aldageltokiak Metro Bilbaoren eta Adifen puntu horretako ustiapenen artean; Urdulizko trenbide-pasagunea eta geltokia lurperatzean sortutako azken jarduketak, udalerriko herritarrei amaitutako inguruaz gozatzeko aukera emango dietenak; trenbideak berritzea erabiltzaileei erosotasun eta segurtasun handiagoa emateko; material mugikorrean hobekuntzak egitea, erabiltzaileekin daukan hobetzeko konpromisoari jarraikiz; Arizko Aginte Postu Erredundantea garatzea, zerbitzuak segurtasun eta fidagarritasun handiagoa izan dezan; energia-eraginkortasunerako hobekuntzak egitea (eskailera mekanikoak, ateak...); eta erabiltzaileei arreta eta informazio hobea emateko beste jarduketa batzuk.
Era berean, azpimarratzekoak dira Barik txartelaren inplementaziorako inbertsioak, esaterako: elkarreragintasunean eta sistemaren segurtasunean egindako aurrerapenak, baita garraio-modu desberdinetan erabiltzeko titulu propioetatik eratorritako garapenak ere.