Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) gaur egun Bizkaian indarrean dauden garraio publikorako hobari-neurriak 2026ko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki du gaur. Zehazki, hauek dira mantenduko diren neurriak: 14 urtera arteko adingabeentzako doako garraioa, Gazte tituluen tarifan ezarritako % 50eko deskontua eta % 40ko hobaria gainerako bidaia anitzeko titulu eta abonuetan.
Kontseiluan azaldu dutenez, luzapen horren helburua da, batetik, gaur arte onetsitako errege dekretuetan ezarritako garraio publiko kolektiboa babesteko neurriei jarraipena ematea eta, bestetik, Bizkaiko erabiltzaileek 2026an ere tarifa merkeagoak izan ditzaten bermatzea.
Tarifen eguneraketa
Horrez gain, urtero bezala, BGPk partzuergoko tituluen tarifak eguneratzea onetsi du, batez besteko % 3ko igoerarekin. Horiek horrela, Barik edo Gizatrans txartelekin egindako bidaien balioa 3 zentimo inguru handituko da, eta aldizkako tituluek 10 zentimoko igoera izango dute.
BGPk azpimarratzen du eguneraketa horrek kalitatezko garraio publikoaren sistema eraginkorra eta jasangarria bermatzeko konpromisoari erantzuten diola, aldi berean herritarrentzako prezio irisgarriak mantenduz. Neurri horiekin, Bizkaiak mugikortasun-eredu bidezkoago baten aldeko apustua berresten du, eguneroko joan-etorriak erraztuko dituena eta erabiltzaile guztien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duena.














