BGPk gonbidapena luzatzen die herritarrei iPhonentzako Barik Mobile aplikazioaren etorkizuneko garapenean parte har dezaten

Partzuergoak 500 pertsonako talde bat osatuko du aplikazioa App Store denda ofizialean plazaratu baino lehen probatu eta hobetu dezaten, zeinak aukera emango baitu Barik txartela mugikorrean eramateko, bidaiak baliozkotzeko eta txartelak kargatzeko

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) beste aurrerapauso bat eman du garraio publikoaren digitalizazioan; izan ere, Bizkaiko herritarrei zuzendutako parte-hartze izaerako prozesu bat abiatu du, iPhone gailuetan erabiliko den Barik Mobile aplikazioaren etorkizuneko bertsioa hobetzeko. Ekimen horren bidez 500 pertsonako talde bat osatzea da asmoa, aplikazioa probatu dezaten App Store dendan behin betiko kaleratu baino lehen. Horretarako, parte-hartzaileek aplikazioa baldintza errealetan probatu ahal izango dute eta iradokizunak egin, aplikazioa argitara eman baino lehen hobekuntza-puntuak antzemateko. BGPk uste du pixkanakako ezarpen-eredu hori egokiena dela esperientziarik onena bermatzeko.

Barik Mobile aplikazioa BGPk garatu du eta Barik txartela mugikorrean eramateko aukera emango du garraio publikoan zuzeneko baliozkotzeak egiteko, euskarri fisikoaren beharrik izan gabe. 2025eko martxoan, Partzuergoak tresna hori gaitu zuen Android sistema erabiltzen dutenentzako, eta, oraingoan, iOS sistemarako garapenarekin, zabalkundea osatzea du helburu. Era berean, BGP lanean ari da Android bertsioa eguneratzeko, izan ere, aplikazio bakarrean bateratu nahi ditu gaur egun eskuragarri dauden funtzionaltasun guztiak, hartara, sistema integratuagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa izan dadin. Ildo horretatik, laster, erabiltzaileek aplikazio bera erabilita kargatu ahalko dituzte tituluak, kontsultatuko dituzte mugimenduak eta kudeatuko dute txartelaren inguruko informazio guztia, iOS zein Android erabilita.

Aplikazioa probatzeko taldean parte hartu nahi dutenek barikctb@cotrabi.eus helbidera mezu bat bidalita eman dezakete izena, tokiak amaitzen diren arte, eta datu-pertsonalak (argazkia barne) eman beharko dituzte Bezeroen Arretarako Bulegoetan. Probak egiteko aldia irekita egongo da harik eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak erabakitzen duen arte aplikazioak funtzionamendu-maila egokia lortu duela. Edozein titulu-mota —Creditrans edo Gizatrans diru-tituluak eta aldi baterako Bidai edo Gazte tituluak— dutenek erabili ahalko dute aplikazioa, betiere aurretiaz Barik txartel pertsonalizatua bazuten edo beren datuak BGPren Bezeroen Arretarako Bulegoetan erregistratu badituzte. Betekizun teknikoei dagokienez, aplikazioaren funtzio orokorrak bateragarriak izango dira gutxienez iPhone 7 mugikorra daukaten eta iOS 13 bertsioa darabilten gailuekin; aitzitik, bidaiak baliozkotu ahal izateko, erabiltzaileek iPhone XS bat izan beharko dute gutxienez, iOS 17.4 bertsioarekin edo hori baino berriagoa den bertsioarekin.

Probak egiteko fasea amaitutakoan eta aplikazioa optimizatuta dagoenean, BGPk ofizialki argitaratuko du App Store dendan, eta horren berri emango du behar bezala. Erabiltzaileek erabaki beharko dute euskarri tradizionala edo digitala erabili nahi duten.

2026-03-27