BGP-k abian jarri du aldi baterako txartelak aldez aurretik erosteko zerbitzua.

Azaroaren 23tik aurrera, asteazkena, erabiltzaileek lau egun lehenago erosi ahal izango dituzte txartelak, eta ez dute data igaro arte itxaron beharko, oraintsu arte gertatu den bezala.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) abian jarri du Barik txartelean txertatuta dauden aldi baterako txartelak aldez aurretik erosteko zerbitzua. Azaroaren 23tik aurrera, asteazkena, Gazte Metro, Gazte Bizkaibus, Gazte Bilbobus eta Metro Bilbao hilekoa direlako txartelak erabiltzen dituzten pertsonak hasiera-data baino lau egun lehenago erosi ahal izango dituzte txartelak. Gainera, hasiera-data erosterakoan aukeratuko dute. Garraio-modu askotan garapen ugari egin beharra ekarri duen baliabide berri horri esker, BGPk bonu horiek erabiltzen dituztenen premiei erreparatu die; izan ere, hemendik aurrera Barik txartelean diru-txartel bat, aldi baterako txartel aktiboa eta aldi baterako erreserbako txartela eduki ahal izango dituzte.

Mekanika ez da aldatuko. Aldez aurreko erosketa gaur egun Barik txartelak dituen aldi baterako txartelak kargatzeko puntuetan egin ahal izango da, hau da, metroan dauden saltzeko makinetan, Bilbobus eta Bizkaibuseko kabinetan, BGPren webgunean, kanpoko salmentaren bidez (kioskoak, merkataritza-establezimenduak, estankoak eta abar) eta sakelako telefonoarekin Barik NFC izeneko aplikazioaren bitartez. Azken kasuan, aldez aurretik erosi ahal izateko BARIK NFC aplikazioaren azken bertsioa eguneratu beharra dago, azaroaren 23tik aurrera ere deskargatu ahal izango dena, 00:00etatik aurrera. Une horretatik aurrera, ezin izango dira bertsio zaharrak erabili.

Erabiltzaileek erosketa aldez aurretik egin ahal izango dute erosterako unean indarrean eta aktibo dagoen aldi baterako txartela eduki zein ez eduki. Hilabeteko txartel horietako bat, lau dira guztira, indarrean badute, aldez aurretik erositako txartela erreserbako txarteltzat hartuko da hasiera-data heldu arte. Data hori erabiltzaileak aukeratu ahal izango du.

Era berean, aldi baterako txartela indarrean eta aktibo duen erabiltzaileak aukera izango du aldi baterako bonu bat erosteko baldin eta indarraldiak gainjartzen ez badira eta ezarritako epeen barruan badago. Aldez aurretik erosten den txartela eta aktibo dagoena ez dute zertan berdinak izan, modu eta eremu kopuru desberdinekoak izan daitezke, besteak beste.

2016-11-18