Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) “Barik NFC” aplikazioaren bidez 275.000 kargatze baino gehiago egin dira, 645 bat egunean batez beste. 131.134 erabiltzailek doako “app” hori dagoeneko eskuratu dute, Android sistema eragilea duten sakelako telefono batetik Barik txartela kargatzeko aukera ematen duena.
2016ko martxoaren 1az geroztik, posible da Barik txartela sakelako telefono adimendun batetik kargatzea. Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Google PlayStore-n aktibatu zuen “app” hori. Hari esker, denbora laburrean txartela kargatzeko milaka puntu berri erantsi ahal izan dira, eta Bizkaian banatutako 800 fisikoei gehitu zaizkie (tabako dendak, kioskoak, kutxazainak, geltokiak...). Aplikazio berriari esker, erabiltzaileak edozein Barik kargatu ahal izango du, nahi beste aldiz, edozein tokitatik eta eguneko edozein ordutan. Horrez gain, geratzen den saldoari, azken mugimenduei eta beste gauza askori buruzko informazioa lortu ahal izango du.
Patente eta Marken Espainiako Bulegoak Patente titulua eman zion 2017. urtean Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP), sistema orokorraren segurtasuna gordez Barik txartela telefono mugikorraren bidez kargatzeko prozedura aitzindariagatik. Bi urte iraun duen prozesu metodiko baten ostean, azkenean, estatu eremuan hogei urteko iraupena duen patentea lortu du. Erdietsitako arrakasta horri esker egiaztatu da Bizkaiko Garraio Partzuergoa I+G+b eremuan aitzindaria, berritzailea eta abangoardista dela; hori guztia, garraio publikoaren bidez Bizkaia gero eta hobeto lotu eta kohesionatzeko helburuarekin.
Txartelen sistemen eremuan izaten diren azken aurrerapen teknologikoak, pixkanaka, Bizkaian ezarri nahi ditu BGPk; hain zuzen, proiektua BGPren politika horren barruan sartzen da. Lortutako datuei erreparatuz gero, arrakasta handia izan duela esan daiteke; izan ere, hasierako itxaropenak gainditu egin dira. Aplikazioa abian jarri aurretik, Barik txartelaren ohiko puntuetan kargatu ahal zitekeen txartela (Metro Bilbao, Euskotren, Euskotran, Renfe –FEVE barne-, Larreinetako funikularra, Artxandako funikularra, Bilbobus eta Bizkaibuseko kabinak, tabako dendak, kioskoak, merkataritza lokalak eta BBK-ko kutxazainak); eta abendutik aurrera webgunean bertan (ctb.eus) ere egin daiteke. Gaur egun, 1,6 milioi Barik txartel inguru daude.