Otsailaren 29tik, astelehenetik, aurrera Barik txartela sakelako telefono adimentsuen bidez kargatu ahal izango da. Hasieran, Google PlayStore-n aurkitu ahal izango da BGPren aplikazioa eta soilik erabili ahal izango da Android 4.0 sistema eragilea edo hori baino berriagoa duten NFC teknologiadun “smartphone”-tan. Baina, gero, beste sistema eragile batzuetan ere erabili ahal izango da. Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) “app” berri bat aktibatuko du Google PlayStore-n, eta txartelak kargatzeko milaka toki zehaztuta egongo dira bertan. “ctb.eus” estekan sartuta ere eskuratu ahal izango da aplikazioa. Aplikazioari esker, erabiltzaileak edozein Barik kargatu ahal izango du, nahi beste aldiz, edozein tokitatik eta eguneko edozein ordutan. 740 erabiltzailek arrakasta handiz probatu dute sei hilabetean zehar (iazko uztailaren erditik aurrera) aplikazio esperimentala, proba pilotua egin zenean; baina, hala ere, erabiltzaile horiek proposatutako hobekuntza batzuk sartu ditu Garraio Partzuergoak. “App” berria azkarragoa izango da; sakelako telefonoen modelo gehiagotan erabili ahal izango da, bertsio elebiduna eskainiko du eta V.me by VISA bidez ordaintzeko aukera emango du. Partzuergoak aurreikusitakoaren arabera, garraio-txartelak “on line” kargatuko dira; horretarako, NFC (Near Field Communication) teknologia aktiboa duen sakelako telefono “adimentsua” erabili beharko da, eta ordainketa segurua egiteko atebidearen bitartez ordaindu beharko da. Beraz, erabiltzaileak edozein tokitatik handitu ahal izango du bere txartelaren saldoa, edo Barik-en sar daitekeen garraio-txartel bat erosi ahal izango du, kargatzeko saltoki fisiko batera joan beharrik izan gabe Ticketing sistemen eremuan izaten diren azken aurrerapen teknologikoak, pixkanaka, Bizkaian ezarri nahi ditu BGPk; hain zuzen, proiektua BGPren politika horren barruan sartzen da. Orain arte, Barik txartelaren ohiko tokietan kargatu ahal izan da txartela (Metro Bilbao, Euskotren, Euskotran, Renfe –FEVE barne-, Larreinetako funikularra, Artxandako funikularra, Bilbobus eta Bizkaibuseko kabinak, tabako-dendak, kioskoak, merkataritza lokalak eta BBK-ko kutxazainak); eta abendutik aurrera webgunean bertan (ctb.eus) ere egin daiteke. Gaur egun 1,3 milioi Barik txartel baino gehiago daude zirkulazioan, eta txartelak kargatzeko 800 puntu baino gehiago aurki ditzakegu Bizkaia osoan. Funtzionamenduari buruzko bideoa: http://www.ctb.eus/sites/default/files/Barik2016Eusk.mp4

