BGPk gaur aldatuko du Barik txartel guztien iraungitze-epea, 4tik 7 urtera.

Aurrerantzean erosten diren txartel berriek 7 urteko iraungitze-epea izango dute. Dagoeneko luza daiteke erabiltzen ari diren txartelen baliozkotasun-epea, erabiltzaileentzako kosturik gabe. Aldaketa hori Metro Bilbaoko geltokietan egin daiteke, txartelak saltzeko eta kargatzeko makina automatikoetan.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) erabaki du iraungitze-epea 3 urtez luzatzea Barik txartel guztiei, bai orain zirkulazioan daudenei bai gaur bertan eta aurrerantzean erosten direnei

BGPk egindako azterketa teknikoetan egiaztatu denez, Barik txartelak daukan txip integratua, aitzindaria eta berritzailea inguruneko beste operadore batzuek erabiltzen dutenaren aldean, lau urte igaro eta gero ezin hobeto funtzionatzen ari da. Horrek erabilera epea luzatzeko erabakia hartzeko aukera eman dio erakundeari.

Orain erabiltzen ari diren txartelen iraungitze-epea luzatzeko, erabiltzaileek nahikoa izango dute Metro Bilbaoko edozein geltokira joan eta txartelak saldu eta kargatzeko makina automatiko batean epea luzatzea. Txartela erabiltzeko azken eguna modu automatikoan aldatuko da, erabiltzailearentzako kosturik gabe. Nahikoa da txartela makinan sartzea. Egin beharreko tramite hori edonoiz egin daiteke, gaurtik hasita; baina betiere Barik txartela bere oraingo iraungitze-datara heldu baino lehen egin behar da..

2015-07-13