BGPk martxoaren 8an merkaturako ditu aldi baterako txartel multimodal berriak

Gaur abiaraziko da titulu berriak ezagutzera emateko informazio-kanpaina. Tituluok sinpleagoak izango dira, eta balioko dute Metro Bilbao, Euskotren eta Bilboko tranbian bidaiatzeko, eta Bizkaian erroldatuta dauden 26 urtetik beherakoen kasuan, Bizkaibusen ere erabili ahal izango dira.

Beste ildo batean, BGPko Kontseilu Nagusiak gaur onetsi du Urdulizko Udalarekiko lankidetza-hitzarmena. Horren bidez, udalak 400.000 euro jasoko ditu, udalerria zeharkatzen duen zatian metroa lurperatu izanaren ondorioz sortutako azalera urbanizatzeko.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak martxoaren 8an merkaturatuko ditu aldi baterako txartel multimodal berriak. BGPk informazio-kanpaina bat abiarazi du gaur titulu berriak ezagutzera emateko, hain zuzen, erabiltzaileak ohitu daitezen 3. linea martxan jartzeak ekarriko dituen titulu eta tarifa berrietara. Tituluok sinpleagoak izango dira, eta balioko dute Metro Bilbao, Euskotren eta Bilboko tranbian bidaiatzeko, eta Bizkaian erroldatuta dauden 26 urtetik beherakoen kasuan, Bizkaibusen ere erabili ahal izango dira.

Bada, hauexek dira aldi baterako titulu multimodal berriak: BIDAI 50, BIDAI 70 eta GAZTE 70, bidaia mugatuen kasuan; eta BIDAI ORO eta GAZTE ORO, bidaia mugagabeen kasuan. Hortaz, desagertuko dira aldi baterako txartel pertsonal edo jabe-txartel guztiak, bai eta BGPko garraiobide bakarreko Gazte txartelak ere, atxiki diren garraiobideetatik (EuskoTren eta Bizkaibusetik; Metro Bilbaoko urteko Gazte txartela, ordea, mantenduko da).

Gizartearentzat oro har direnek −BIDAI 50, BIDAI 70 eta BIDAI ORO− balioko dute Metro Bilbao, EuskoTren, Bilboko tranbia eta Larreinetako funikularrean bidaiatzeko. Gazteentzat direnak −GAZTE 70 eta GAZTE ORO−, berriz, aurreko garraiobideetan ez ezik, Bizkaibuseko linea guztietan ere erabili ahalko dira.

Beste ildo batean, BGPko Kontseilu Nagusiak bilera egin du gaur eguerdian Bilboko egoitzan, eta onetsi du Urdulizko Udalarekiko lankidetza-hitzarmena. Horren bidez, udalak 400.000 euro jasoko ditu, udalerria zeharkatzen duen zatian metroa lurperatu izanaren ondorioz sortutako azalera urbanizatzeko; hots, Bilbo Metropoliko Trenbidea elizatean lurperatzeko obren eragina izan duten urbanizazioa, zoladura, espaloiak, hiri-altzariak eta zerbitzuak birjartzeko.

Bestalde, BGPko Kontseilu nagusiak onetsi du Burgosko Udalaren proposamena, Burgosko garraiobide publikoan kontakturik gabeko txartela ezartzeko lankidetzari buruzkoa. Proposamena bi aldeen arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatu da. Horren arabera, BGP Burgosko Udaleko Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuarekin elkarlanean arituko da, bertan Barik eredua ezartze aldera: eskema, ezaugarriak, garapenak, teknologia, zehaztapenak etab.

Informazio gehiago: https://www.ctb.eus/eu/aldi-baterako-tituluak-barik-txartelean

2017-02-28