Bizkaiak %20ko beherapena bermatuko du garraio-abonuetan 2027an

Garraio Partzuergoak onartutako hobaria Bidai 50, Bidai 70, Bidai Oro, Gazte 70 eta Gazte Oro abonuetan aplikatuko da eta Gizatrans txartelera ere zabalduko da.

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) Kontseilu Nagusiak aho batez onartu zuen, joan den azaroaren 4an, 2027rako tarifa-esparrua. Erabakiak garraio-abonuetan %20ko beherapena jasotzen du, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean indarrean egongo dena. Erabaki hori Estatuaren laguntzek garraio publikoan hurrengo urtean jarraituko duten ala ez jakiteko ziurgabetasunari erantzuteko hartu da. Horrela, Bizkaiko garraio publikoko erabiltzaileek beren abonuetan beherapena izango dute bermatuta 2027 osoan, Estatu mailan zer erabakitzen den kontuan hartu gabe. Gainera, Estatuak laguntzak mantentzen baditu edo berriak ezartzen baditu, Bizkaiak onartutako hobariak hobetu ahal izango dira.

Hobaria Bidai 50, Bidai 70, Bidai Oro, Gazte 70 eta Gazte Oro abonuei aplikatuko zaie, haien modalitate guztietan, familia ugarienak barne. Gizatrans diru-txartelera ere zabaltzen da, zeinak 65 urtetik gorako pertsonak, ezintasun handia dutenak eta mugikortasun murriztua dutenak biltzen baititu. Talde horientzat, garraio publikoa, askotan, autonomiaz mugitzeko aukera nagusia da.

Hobariak garraio publikoa gehien erabiltzen dutenei zuzenduta daude. BGPk horrekin aitortu nahi du garraio publikoa ohiko mugitzeko modu bihurtu duten pertsonen konpromisoa, eta horregatik biltzen da beherapena abonuetan, hau da, ohiko erabilerako tituluetan. Abonuak hileko kostu finkoa duenez, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta merkeagoa da bidaia bakoitza, eta hobariak efektu hori areagotzen du. Ohiko erabilera horrek mugikortasun jasangarriko ohiturak finkatzen ditu, eta jende gehiagok ibilgailu pribatua utzi eta garraio publikoan bidaiatzea errazten du.

Tarifen eguneratzea
Garraio Partzuergoak, gainera, hasiera batean onartu zuen 2027rako tarifen eguneratze orokorra, %3,9 igoko direlarik. Igoera hori Euskadiko KPIarena baino txikiagoa da, zeina irailean %5,0an kokatu baitzen urte arteko tasan.

Eguneratze hori beharrezkoa da sistemaren jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko eta zerbitzuaren kalitatean inbertitzen jarraitzeko: maiztasunetan, material mugikorra eta instalazioak berritzean, eta horien kontserbazioan eta mantentze-lanetan. Beharra Bizkaiko Batzar Nagusiek lehendik ere nabarmendu zuten, eta BGPk partekatzen du.
 
Bizkaiko Batzar Nagusiek markatutako ildotik
Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak 2023ko martxoan onartu zituen Bizkaiko Garraioaren Plan Estrategikoari buruzko azterketa-batzordearen ondorioak. Besteak beste, gomendio hauek jaso zituzten:
• Tarifen integrazio bat ezartzea, garraio publikoaren erabilera areagotuko duena, ibilbidea, bidaia kopurua eta erabiltzaileen errentak kontuan hartuta
• Tarifa-guneak sinplifikatzea, murriztuz eta homogeneizatuz
• Garraiobide desberdinen arteko aldaketen kostua murriztea
• Herritarrak garraio publikoaren erabiltzaile finko bihurtzea, ibilgailu pribatuak hiriko eta hiri arteko bideetatik kentzeko.

BGP gomendio horiek pixkanaka garatzen ari da. Garraiobide-aldaketei dagokienez, urriaren 1etik Txorierriko lineako erabiltzaileek metroko 3. linean ordaintzen den tarifa bera ordaintzen dute, eta 2027an zehar garraiobide-aldaketen kostua ezabatzea partzuergoko gainerako operadoreetara zabalduko da.

Joan den astean onartutako beherapena bidaia kopurua kontuan hartzeko eta ohiko erabiltzaileak finkatzeko gomendioari erantzuten dio. Gainera, 2027ko lehen hiruhilekoan tarifa-guneak bostetik hirura murriztuko dira, eta aldi berean amaituko da familia-errenta estandarizatuaren araberako deskontu progresiboak nola aplikatu aztertzeko lana.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Garraio Agintaritzak geroago hartutako jarrerak, erabileraren ohikotasunean eta errenta-mailan oinarritutako hobari-sistema baterantz bideratuak, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutakoaren ildo beretik doaz.

Hurrengo urratsak
Erabakiak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu dira dagoeneko, eta horrek 30 egun baliodunez jendaurrean jartzeko epea irekitzen du, interesa duen edozein pertsonak espedientea aztertu eta, hala badagokio, dagozkion alegazioak aurkez ditzan.

2026-11-10