Bizkaiko Garraio Partzuergoak Goyo Sarasola izendatu du zuzendari kudeatzaile

Sarasolak Roberto Muñozen lekukoa hartuko du. Muñozek erakundearen gerentzia utziko du, Barik sistemaren digitalizazioak eta Metro Bilbaoren modernizazioa bultzatzeak markatutako etapa baten ondoren

Bizkaiko Garraio Partzuergoak Goyo Sarasola (Santurtzi, 1975) izendatu du gaur erakundearen zuzendari kudeatzaile berri, Roberto Muñozek kargua arrazoi pertsonalengatik uztea erabaki ondoren. EHUko industria-ingeniaria, garraio publikoaren eta trenbide-sektorearen arloan 20 urte baino gehiagoko esperientzia duela heldu da Sarasola Partzuergoaren gerentziara eta Muñozen lekukoa hartu du. Bizkaiko garraio publikorako proiektu estrategikoen bultzadak markatutako etapa baten ondoren utzi du kargua Muñozek.

Muñozen agintaldian, Bizkaiko Garraio Partzuergoak aurrera egin du Barik sistemaren digitalizazioan, Barik Mobile sistema hedatuz, eta funtsezko jarduerak bultzatu ditu Metro Bilbao modernizatzeko, hala nola unitateak, seinaleztatzea eta aginte-postu zentralizatua berritzeko proiektuaren koordinazioa. Hala, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren buru legez jardun duen etapa amaitu du Muñozek, etapa bat Bizkaiko garraio publikoaren sistemaren eraginkortasuna, irisgarritasuna eta modernizazioa indartzera bideratua.

Testuinguru horretan, neurri handi batean, Euskadiko trenbide-erakunde nagusietan ibilbide luzea eginda hartu du Sarasolak bere gain Bizkaiko Garraio Partzuergoaren gerentzia. Horri esker, erabat ezagutu ditu trenbide-azpiegituren plangintza, eraikuntza, mantentzea eta ustiapena, bai eta Bizkaiko eta EAE osoko mugikortasuna eta metropoli-garraioa ere. Gaur arte, Metro Bilbaoko Operazioen zuzendaria izan da, eta urtean 100 milioi bidaiari baino gehiago mugitzen dituen sare baten operazio integrala zuzendu du erakunde horretan. Erantzukizun postu horretatik, hainbat proiektu gidatu ditu: zerbitzu-eskaintzaren plangintza, aginte-postuaren kudeaketa, giza baliabideen eta baliabide operatiboen koordinazioa eta trenbide-ustiapenaren modernizazio-estrategia.

Sarasolaren profilak Bizkaiko eta Euskadiko garraio publikoaren ikuspegi zabala eskaintzen du, bai ikuspuntu operatibotik, bai plangintza, koordinazio instituzional eta kudeaketa teknikotik. Metro Bilbaon jardun baino lehen, Euskal Trenbide Sareko operazioen zuzendaria izan zen, eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) kudeatutako sarearen trenbide-ustiapenaren zuzendaritza eta trenbide-sistemen, geltokien, trafikoaren eta mantentze-lanen ikuskapena izan zituen bere ardurapean.

Gainera, Sarasolak zuzenean ezagutzen du Bizkaiko Garraio Partzuergoaren funtzionamendua, 2020an partzuergoko gobernu-organoetako kide izan baitzen, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa. Esperientzia horri esker, garraio publikoaren plangintzari, erakundeen koordinazioari eta finantzaketari lotutako espazioetan parte hartu ahal izan zuen. Sarasolaren izendapenarekin, Bizkaiko Garraio Partzuergoak jarraipena ematen dio kudeaketa profesionalizatuari, eta indartu egiten du Bizkaiko garraio publikoaren sistema hobetzen, integratzen eta modernizatzen jarraitzeko duen gaitasun teknikoa.

2026-07-14