Bizkaiko Garraio Partzuergoak metroko 1. lineako Urduliz-Plentzia ibilbideko bihurgune-tarte bat hobetuko du.

557.893 euroko aurrekontua eta hiru hilabeteko epea izango dute egingo diren bi obra nagusiek, hau da, bidearen berritze partzialak eta Plentziako geltokian 2. bideko nasa hobetzeak.

BGPren Kontseilu Nagusia gaur ere bildu da eta BGPren eta Metro Bilbao SAren aseguru pribatuak kontratatzeko lizitazioa onetsi du. Aseguruengatik 1.950.000 euro ordainduko dira urtean.

Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) Kontseilu Nagusiak, gaur goizean Bilboko egoitzan egindako bileran, bidearen plataforma berritzeko lehiaketarako adjudikazioa onetsi du, Metro Bilbaoko 1. lineako Urduliz-Plentzia ibilbideko tarte batean dagoena. Guztira, 557.893 euroko aurrekontua eta hiru hilabeteko epea izango ditu. Bertan jasotako jarduketak hiru motatakoak dira, baina oinarrian orain egoera txarrean dauden bidearen elementuei erreparatuko zaie. Hala, 1 km inguruko tartea eguneratu ahal izango da.

BGPko Kontseilu Nagusiak, gaurko bileran, Metro Bilbaoko garraio-eskaintza sortzeko tresna eguneratzeko eta hobetzeko adjudikazioa ere onetsi du, 374.016 euroren truke eta hamabi hilabeteko epean egiteko.

Eguneko erabaki garrantzitsuenen artean, BGPren eta Metro Bilbao SAren aseguruak kontratatzeko lizitazioa ateratzea dago. Aseguruak 1.950.000 eurokoak dira urtean. Poliza horiek betetzeko interesa duten enpresak Europako lehiaketa honetara aurkez daitezke, BGPk partzuergorako eta Metro Bilbao SArako batera onesten duen zenbateko horren arabera.

BGPko Kontseilu Nagusiak gaurko egunean onartutakoen artean, azkenik nabarmentzekoa da merkataritza-mailegu batzuen interes-tasak jaitsi direla. Horri esker, hemendik eta 2026ra bitartean 5 milioi euro aurreztuko dira. Merkatuan interes-tasak baxu daudenez gero, Kontseilu Nagusiak finantza-entitateekin sinatuta dituen maileguen baldintzak berriz ere beherantz negoziatzea onetsi zuen ekainean, eta, beraz, emaitza hori ekarri du.

2016-10-18