Garraioa berrantolatzea

Bidaiarein garraio publikoa berrantolatzeko jarduketei ekiteko esparru akordioa, eusko jaurlaritzaren, bizkaiko foru aldundiaren, bilboko udalaren eta bizkaiko garraio partzuergoaren artekoa.

ADIERAZI DUTE

Bilboko Metroa abian jarri denetik Bizkaiko bidaiarien garraio publikoko zerbitzua aldatu egin da eta zerbitzuak antolatzeko eta bateratzeko aukera dago. Bestalde, Bilbobus eta Bizkaibusi esker gaur egun dagoen errepide eskaintzan lortutako kalitate maila eredu izango da aurrerantzean zerbitzua hedatzen denerako. Azkenik, kontuan hartu beharra dago EuskoTren egiten ari den estrategia plana, negozioa garatzeko erabakigarria izango baita. Egoera berri horrek aukera ematen du sistema orokorrerako nahi den eragimen maila mantentzea posible egiten duten berehalako jarduketak egiteko. Modu horretara, ustiapena finantzatzeko erabilitako baliabidei esker, azpiegitura berrietarako behar den inbertsio maila bermatzeko.

Garraio publikoa indartzeko beharrezkoa da aldez aurretik eskaintza erabat arrazionalizatzea garraiobide ezberdinek zerbitzu bera birritan eskaini ez dezaten.

Hori guztia dela eta, zerbitzuari eta erabilitako finantza baliabideei dagokienez eraginkortasuna eta eragimena lortzeko eta etorkizuneko jarduketa koordinatuen aurreko pauso gisa, esku hartu duten Administrazioek:

ERABAKI DUTE

LEHENENGOA.-ESKAINTZA BERRANTOLATZEA

  1. Akordioa sinatzen duten erakundeek egokituko dute eskaintza, beren eskumenen esparruan.
  2. Berrantolaketa egiteko zerbitzuaren ikuspuntua hartuko da aintzat, sisteman gehien erabiltzen diren lineak bilatuko dira eta kontuan hartuko da prozesuak eragingo duen gizarte inpaktua.

Garraioa berrantolatuko da erakunde bakoitzaren baitan zehaztutako planarekin bat etorriz.

BIGARRENA.- OPERADOREEKIN NEGOZIATZEA

Akordio hau sinatzen denetik Tarifak Koordinatzeko Batzordeari (Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotzi ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio zuzendariak, Eusko Jaurlaritzako Garraio zuzendariak, Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari kudeatzaileak eta horiek izendatutako pertsonek osatzen dute) ahalmena ematen zaio operadoreekin batera CREDITRANSa abian jartzeari dagozkion planak egin, aurkeztu eta negoziatzeko.

Erabaki hau hartu eta astebeteko epean, bere edukia jakinaraziko zaie operadoreei.

HIRUGARRENA.- ETORKIZUNEKO BERRANTOLAKETAK AURREIKUSTEA

Eskaintza berrantolatzeko aurreikusitako denborazko muga gaindituz, eta garraio publikoari buruzko proiektu garrantzitsuak Bizkaian abian jartzeko, Administrazio sinatzaileek beren gain hartzen dute sistemako operadoreetan gerora behar izango diren langileak kontratatzeko konpromisoa, gaur egun sektorean dauden langile kopurutik abiatuz. Horretarako, aldez aurretik dagokion gaitasun ikastaroa emango zaie eta lanpostuko perfil profesionala betetzen dutela zainduko da.

LAUGARRENA.- FINANTZA ESPARRUA JARDUKETAK BURUTZEKO ALDIAN

  1. Aipatutako jarduketak zehazten eta burutzen diren denbora tartean, ukitutako administrazio bakoitzak finantzatuko ditu ustiapenaren eta inbertsioaren ondoriozko defizitak, beren eskumenen esparruan eta programa-kontratuekin bat etorriz.
  2. Era berean, tarifak koordinatzeko, operadoreetan egin beharreko inbertsioak honela finantzatuko dira: TCSA BILBOBUSekoak, Bilboko udalak hartuko ditu bere gain; BIZKAIBUSekoak, Bizkaiko Foru Aldundiak; EuskoTrenekoak, Eusko Jaurlaritzak; eta Metro Bilbaokoak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak gaur egun aplikatutako ehuneko finantzarioekin bat etorriz: %50 Eusko Jaurlaritzak eta %50 Bizkaiko Foru Aldundiak.

Eta beren adostasuna frogatzeko Esparru Akordio hau sinatzen dute Bilbon, mila bederatzi ehun eta laurogeita hamazazpiko ekainaren hamaikan.

- JOSÉ ANTONIO MATURANA JAUNA  Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan sailburua.

- JOSU BERGARA JAUNA  Bizkaiko diputatu nagusia eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko lehendakaria

- JOSU ORTUONDO JAUNA  Bilboko Udaleko alkatea.

- CARLOS GARCÍA CAÑIBANO JAUNA  Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan sailburuordea

- MARTIN MARTINEZ JAUNA  Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio diputatua.

- PEDRO BARREIRO JAUNA  Bilboko Udaleko zinegotzia.

- EUKENI LARRONDO JAUNA  Bizkaiko Garraio Partzuergoko kudeatzailea.