Metro Bilbaok, BGPrekin lankidetzan, sare-mapa irisgarri berriak ezarri ditu geltoki guztietan

Planoetan trazadura osoko garraio publikoko konexioak zehaztu dira
Planoak osatzeko, hainbat kolektiborekin lan egin da, emaitza ahalik eta irisgarriena izan dadin

Metro Bilbaok, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin lankidetzan, metro konexioen maparen diseinua eguneratu du, pertsona guztientzat irisgarria izan dadin, etengabeko hobekuntzaren eta irisgarritasun unibertsalaren bidean aurrera egiteko. Horretarako, informazio eta komunikazio inklusiboan adituak diren enpresekin eta kolektiboekin lan egin da.

“Metro Bilbaoren konexioen plano berria zeharkako ikuspegi batetik landu da, informazioa jasotzeko modu desberdinak kontuan hartuz eta proposamen berria irisgarritasun fisikoaren, sentsorialaren eta kognitiboaren ikuspegitik aberastuz”, adierazi du Roberto Muñozek, Bizkaiko Garraio Partzuergoko gerenteak.

Horretarako, azterketa eta hobekuntza prozesua metro geltokian bertan hasi zen, beste garraiobideekiko loturen planoaren erabilera aztertuz. Letra-tipoa eta letraren tamaina irakurgarritasuna hobetzeko eguneratu ondoren eta geltokien eta linea-aldaketen piktograma berriak sortu ondoren metroaren erabilera hobeto ulertzeko eta modu autonomoan erabili ahal izateko, “tamaina, orientazio eta kolore proba desberdinak egin dira, kontuan hartuz nola identifikatzen diren gaur egun lineak eta garraiobideak.
Gainera, aztertu da nola hautematen dituzten ikusteko zailtasunak dituzten pertsonek: konbinazio kromatiko eta testura desberdinak aztertu dira, kolorearen ikuspegiaren desbideratzeak kontuan hartuta, daltonismoan gertatzen den bezala”, gehitu du Muñozek.

Bestalde, Metro Bilbaoko Bezeroak eta Gizarte Berrikuntzako zuzendariak, Susana Palominok, honako hau adierazi du: “garraio-konexioak aldatu eta aparkalekuak sartu ditugunez, berritzea baliatu dugu mapa berrietan lodiera eta protagonismo handiagoko lineak sartzeko, pertsona guztiek ezagut ditzaketen ikonografiarekin eta koloreekin”.

Era berean, azpimarratzekoa da legenda bat ezarri dela piktogramek planoan duten esanahiarekin eta geltokiari buruzko informazio garrantzitsua dakarten piktogramekin. Horietako batzuk dira, esate baterako, geltoki guztietako irisgarritasun fisikoa nabarmentzen dutenak, edo Metro Bilbaorekin ahots edo zeinu hizkuntza bidez komunikatzeko aukera eskaintzen duten interfonoak.

Gainera, planoak Map’s Voice teknologia du; plataforma digital inklusiboa da, inprimatutako QR kode arrunt baten bidez informazioa zabaltzen duena hainbat hizkuntzatan irakurtzeko eta entzuteko, euskarazko eta gaztelaniazko irakurketa erraza barne.
“Plano berriekin, Metro Bilbaoren helburua da askoz ere jende gehiagori informazioa eskuratzeko aukera ematea, kalitatezko zerbitzua eta erabiltzaileen esperientzia hobetuko duen segurtasun handiagoa eskainiz. Urrats berriak egiten ari gara irisgarritasuna ahalik eta gehien hobetzeko helburu argiarekin”, esan du azkenik Bezeroak eta Gizarte Berrikuntzako zuzendariak.

2024-02-15