Euskadiko Txartel Bakarra edukitzeko bideak aurrera egiten jarraitzen du. BGPren Kontseilu Nagusia gaur eguerdian bildu da, Bilbon, eta Mugi eta Bat txartelak Metro Bilbaon erabiltzeko hitzarmenak onetsi ditu. Izan ere, Mugi eta Bat Bizkaiko Barik-en “ahizpak” dira Gipuzkoan eta Araban.
Aurretik egin diren lan-bilerak Eusko Jaurlaritzak koordinatu ditu, eta orain, “contactless” delakoen jabetza duten erakundeak (Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza eta Euskotrenbideak sozietate publikoa, hau da, BAT txartela Araban kudeatzen duena) ados jarri dira; beraz, txartel horien dirudun modalitateak Bilboko metroan erabili ahal izango dira.
Barik, Mugi eta Bat txartelak hiru lurralde historikoetan erabili ahal izateko bidaia etengabean sartzen den urrats bat izan da hori. Hasieran, lehenengo fasean, proba pilotua egin zen; orduan, hiru txartelak erabili ahal izan ziren Bilbo eta Gasteizko tranbietan eta Larreinetako funikularrean. Baina urte honen erditik aurrera Metro Bilbao operadorean ere erabili ahal izango dira txartelak.
BGPk luzatu egingo du Eusko Trenbideak/FerrocarrilesVascos (ET/FV) entitatearekin sinatuta duen kontratu arautzailea, txartel turistikoa Bilbao Bizkaia Card txartelaren barruan ezartzeari buruzkoa. Beraz, martxoaren 1etik aurrera, txartel hori Euskotrenen erabili ahal izango da, Bilbo-Ermua eta Bilbo-Bermeo lineetan.
Bilbao Bizkaia Card txartela duen bidaiariak nahi beste bidaia egin ditzake txartelaren balio-denboran zehar (aldia egun batekoa, bikoa edo hirukoa da). Gaur egun Metro Bilbaon, Bilboko tranbian, Bizkaibusen, Bilbobusen eta Artxandako funikularrean erabil daiteke. Izan ere, 2015. urtean 11.596 bidaia egin ziren txartel horrekin, hau da, aurreko urtean baino hiru aldiz bidaia gehiago.
Bestalde, Partzuergoak erabaki du kontratu berri bi eskainiko dituela Urdulizko trenbide-pasagunea lurperatzen jarraitzeko eta lurpean geltoki berria eraikitzen jarraitzeko. Urdulizko geltokiko seinaleen, altzarien eta bulego teknikoaren proiektua onartu da, 528.077,71 euroko aurrekontuarekin hasieran, eta 4 hilabeteko burutzapen-epearekin.
Era berean, obra horren Gainegitura lanen barruan, Urdulizko geltokiko txartelak saltzeko eta balidatzeko sistemaren instalazioentzako lehiaketa atera du Partzuergoak, 156.453,05 eurotan eta fabrikatzeko eta instalatzeko 5 hilabeteko epearekin.