Berriz irekiko da Urdulizko Metro-Geltokia

BGPk gaur berrabiarazi du Urdulizko metro-geltokiko zerbitzua. Bide-trazadura berria du, eta horren bidez behin betiko kendu da trenbide-pasagunea, metro-sarearen azkenena zena.
Urdulizko biztanleek lurzoru publikoko 6.000 metro karratu irabazi dituzte. Sopelaren eta Plentziaren bide-trazadurak ere hobetu dira obrek utzitako esparruari esker.
Gaur geltokia berriz abiatzean, behin betiko amaituko da Plentzia eta Sopelako geltokiak lotzeko erabili den autobus-zerbitzua, obrek iraun duten 24 hilabeteetan martxan egon dena.

• 21 milioi euroko inbertsioa egin eta 24 hilabeteko egikaritze-epea burutu ondoren, behin betiko kendu da metro-sarearen azken trenbide-pasagunea.

• Guztira, 543 metroko luzerako tartea lurperatu da linean, geltokia barne, zeinak nasa bakarra daukan bi trenbideetarako, 6 metroko zabalerakoa.

• Urdulizko biztanleek lurzoru publikoko 6.000 metro karratu irabazi dituzte. Sopelaren eta Plentziaren bide-trazadurak ere hobetu dira obrek utzitako esparruari esker.

• Gaur kenduko da Sopela eta Plentzia lotu dituen autobus-zerbitzua, 1.680.000 euroko gastua ekarri duena.

Geltokia berriz irekitzeko ekitaldia egin da, eta bertan izan dira Bizkaiko Ahaldun Nagusia Unai Rementeria; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua Arantza Tapia; Urdulizko alkatea Javier Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea Antonio Aiz; Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko diputatua Vicente Reyes; BGPko zuzendari kudeatzailea Manu Tejada; Metro Bilbaoko zuzendari nagusia Eneko Arruebarrena; ETSeko zuzendari nagusia, Aitor Garitano; Sopelako Alkateak, Gontzal Hermosilla; eta Plentziko Alkatearen ordez, Aizea Agiriano.

Urdulizko geltoki berria aurrekoaren kokapen bera du; baina, orain, erabat lurperatuta dago; bestalde, igogailua dauka eta kanpoko fosteritotik sartzen da bertara. Geltokirako sarrera berorren gainean sortu den hiri-espazioaren kota berean dago. Esparru horrek estaltzen du trenbidearen igarobideak orain arte utzitako “orbaina” udalerriaren hirigunean.

Gaurtik aurrera, Urdulizek garapenerako hainbat aukera izango ditu: aisialdi-gune seguru bat, lurpeko geltoki irisgarri bat, mugikortasun hobea trenbide-trazaduraren inguruan, pertsonentzako eta ibilgailuentzako segurtasun handiagoa... Ildo horretan, BGPk hitzarmena izenpetu du tokiko udalarekin, eta 400.000 euro emango dizkio lurperatze-lanen ondorioz sortutako azalera urbanizatzeko.

Sopelaren eta Plentziaren arteko metro-zerbitzua etenik egon dela baliatuz, hainbat hobekuntza-lan egin dira Urduliz−Plentzia eta Urduliz−Sopela tarteetan.

2017-04-10