BGP-k 8 milioi Euro baino gehiagoko inbertsioak adjudikatu ditu Metro Bilbaon

Garrantzitsuenen artean honako hau azpimarratu beharra dago: Aginte Postu Zentralizaturako Aginte Postu Erredundantearen lizitazioa, 2.400.000 eurokoa. Basaurin, Arizeko kotxe-tokien instalazioek ekipamendu berri hori hartuko dute. Horren bidez, metroaren sistema guztien operazioak kontrolatuko dira Nafarroa kaleko 2. zenbakian dagoen zentralean gertakari larriren baten ondorioz zentrala erabili ezin den kasuetan.

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) Kontseilu Nagusia eguerdian bildu da Bilboko bulegoan eta Metro Bilbaon 8 milioi euro baino gehiagoko inbertsio batzuk adjudikatzea erabaki du. Garrantzitsuenen artean azpimarratzekoak dira: Aginte Postu Zentralizaturako Aginte Postu Erredundantearen hornidura, 2.400.000 euroko zenbatekoagatik eta 24 hilabeteko egikaritze-epearekin; Ibarbengoa-Larrabasterra tartean trenbidea berritzea, 1.818.000 euroko zenbatekoagatik (16 hilabete); lehenengo tren aleen bidaiarientzako ateak egokitzea (500. seriea), 1.245.000 euroko zenbatekoagatik (48 hilabete); katenaria mantentzeko dresina bat hornitzea, 1.200.000 euroko zenbatekoagatik (12 hilabete); tren-gurpilak eta material osagarria profilatzeko tornu berri bat hornitzea, 1.036.000 euroko zenbatekoagatik (12 hilabete), eta Lutxanako azpiestazioaren estalkia ordezkatzea, 332.000 euroko zenbatekoagatik (4 hilabete).

Bestalde, Bizkaiko Garraio Partzuergoak Barik txartela saltzeko, biltzeko, laguntzarekin kargatzeko, biltegiratzeko eta banatzeko kanpo-komertzializazio sare bat ezartzeko eta ustiatzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea onetsi du. Hau da, tabako-dendetan, kioskoetan, tokiko saltokietan eta abarretan egin ahal izatea; izan ere, hiriguneetatik kanpoko lekuetan eta landa-eremuetan 2016. urteko kargatzeen zenbatekoa 20 milioi eurotik gorakoa izan zen.

Azkenean, Bizkaiko Garraio Partzuergoak onetsi du Kantabriako Centro Tecnológico en Logística Integral fundazioarekin zuen lankidetza-hitzarmena luzatzea, Kantabriako Gobernuaren mende dagoen entitateak hala eskatu eta gero. Hitzarmenaren xedea da Kantabriako garraio publikoan kontakturik gabeko txartela ezartzen laguntzea eta partzuergoaren esperientziaren berri ematea. Hitzarmen horren bitartez, BGP lankidetzan arituko da Bizkaiko ereduaren antzeko beste bat ezartzeko hainbat alderdiri dagokionez: eskema, ezaugarriak, garapena, teknologia, zehaztapenak...

2017-10-31