172.000 euroko aurrekontuarekin eta 6 hilabeteko egikaritze epearekin, urtean 8.000 eta 10.000 euro artean aurreztu ahalko da eskailera bakoitzeko, eta inbertsioaren itzulkina 10 hilabetekoa izango da
Bizkaiko Garraio Partzuergoak (CTB) lehiaketara aterako du Metro Bilbaoko geltokietako eskailera mekanikoetan energia aurrezteko ekipoak hornitzeko eta jartzeko aldaketa. Zehazki, metroko 17 eskailera mekanikotan jarriko dira estreinakoz energia aurrezkailuak 30 motor berriren bidez; hala, egungo kontsumoa % 60raino murriztu ahalko da, 10.000 bat euro urtean eskailera bakoitzeko, eta inbertsioaren itzulkin tasa urtebeteko baino gutxiagokoa izango da. Indautxukoa hautatu da esperientzia pilotu hau aurrera eramateko, emaitza onuragarriak izan ditu, eta BGPk beste geltoki batzuetan apurka-apurka ezartzeko asmoa du.
Azken urteotan, Bizkaiko Garraio Partzuergoak, Metro Bilbaorekin batera, linean jarritako sistemetan zenbait jarduera egin ditu energia kontsumoa murrizteko asmoz. Geltoki batean gehien kontsumitzen duen sistema eskailera mekanikoarenak dira, lurpeko geltoki bateko kontsumo orokorraren % 50 baino gehiago. Horregatik, BGPk 172.000 euroko aurrekontua erabiliko du lehenengo energia aurrezkailu hauek sei hilabeteko epean hornitzeko eta jartzeko.
Metro Bilbaoko zenbait eskailera mekanikok, 2. linean batez ere, maiztasun erregulagailuak dituzte bidaiaririk ez badago energia aurreztu ahal izan dadin. Gainerakoak une honetan martxan/geldirik moduan programatuta daude, eskailerak bidaiariak antzematen dituen ala ez, horren arabera.
Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Metro Bilbao ahalegin handia egiten ari dira azken urteetan kontsumo elektrikoa murriztu dadin. Hala, ildo horretatik jarduera asko egin dira, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) diru laguntzak ere jaso dituzten jarduerak.