BGPk gogorarazten du % 45etik gorako desgaitasuna eta mendekotasun-mailaren bat duten pertsonek laguntzaileekin bidaiatu dezaketela gehiago ordaindu beharrik gabe

Eskaera bezeroaren arretarako edozein bulegotan aurkeztu behar da, eta bertan Barik pertsonalizatua gaituko da, bigarren pertsonari ordaintzeko salbuespena emanez

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGPk) gogorarazten du % 45eko eta gehiagoko desgaitasuna edo mendekotasun-mailaren bat dutela egiaztatzen duten pertsonek eskubidea dutela garraio publikoan laguntzaile batekin bidaiatzeko, azken horrek bidaia-txartela ordaindu beharrik gabe.

Neurria joan den uztailean sartu zen indarrean; hala ere, espero baino motelago ari da ezartzen. Baldintzak betetzen dituzten 18.826 pertsonetatik soilik 536k —% 3 baino gutxiago— eskatu dute txartela aktibatzea. BGPren gogorarazpenarekin batera, Gizarte Ekintzako Foru Sailak gutun izendun bana bidali die onuradunei, neurriari buruzko informazioa jaso dezaten eta, bereziki, gida baten bidez berau eskatzeko jarraitu beharreko urrats guztiak ezagutu ditzaten.

Horretarako, BGPren, Metro Bilbaoren, EuskoTrenen, Bilbobusen, Bizkaibusen edo Renferen jendearentzako arreta-bulego batera joan beharko dute beren Barik txartel pertsonalizatuarekin; txartel hori ez badute, une horretan bertan eskatu ahal izango dute bulegoan.

Eskaera norberak egin dezake, NANa aurkeztuta, edo beste pertsona batek. Azken kasu horretan, ondokoa aurkeztu beharko da: titularrak sinatutako baimena, bien NAN originalak eta, eskatzaileak oraindik Barik pertsonalizaturik ez badu, argazki bat. Dokumentazioa egiaztatu ondoren, bulegoko langileek txartela gaituko dute laguntzaileari dagokion salbuespenarekin.

Laguntzailearekin bidaiatzeko, onuradunak bi aldiz jarraian pasatu beharko du bere Barik txartel pertsonalizatua baliozkotze-puntuan. Bigarren paseak ez du inolako kosturik izango, eta, horrela, laguntzailearen doako bidaia bermatuko da.

2025-10-17