Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) amaitu du gaurtik aurrera Bizkaiko hiri barruko eta hiriarteko autobusetan, eta baita Bizkaia Zubian eta Artxandako funikularrean ere, MUGI txartela erabiltzeko aukera ematen duen garapena. Horrela, lurraldeen arteko garraio publikoaren sistemaren elkarreragingarritasuna zabaltzen da eta Bizkaian MUGI txartelaren erabilera bideratzen da.
Garraiobide berri horiek sartzeak Bizkaiko garraio-sistemaren elkarreragingarritasuna burutzea ekarri du, bai eta dauden hiru garraio-txartelak (BAT, BARIK eta MUGI), bana lurralde bakoitzeko, euskal garraio publikoaren sare osoan berdin erabiltzeko aukera ematen duen egokitzapena ere. Proiektua hainbat erakunde eta operadoreren lankidetzari esker gauzatu ahal izan da.
Ildo horretatik, MUGI honako operadore hauetan erabili ahal izango da: Bizkaibus, Bilbobus, Kbus (Barakaldo), Lejoan Busa (Leioa), Galdabusa (Galdakao), Etxebarri Bus, Erandio Busa, Sopelbus (Sopela), Artxandako funikularra eta Bizkaia Zubia. Bizkaia Zubiko ontziskan eta Portugaleteko Boteetan laster aktibatuko da Mugi erabiltzeko aukera. Derrigorrez gogorarazi behar da Metro Bilbaok dagoeneko onartzen duela Mugi txartela, Bizkaiko garraio publikoaren sistemaren barruan erabiltzeko aukerak zabalduz.
Sistemak operadore bakoitzari dagokion Creditrans diru-tarifa aplikatuko du eta barne hartuko du Familia Ugariaren profilen aintzatespena. Gainera, txartelak BARIK txartelaren baliokide gisa funtzionatuko du, erabilera-esperientzia homogeneoa bermatuz.
Operadore guztietan, Bizkaibusen eta Erandio Bus zerbitzuan izan ezik, balidazioa bakarrik egingo da ibilgailura sartzerakoan.
Hedapen hau urrats erabakigarria da Bizkaian eta EAE osoan garraio publikoa erabat integratzeko bidean. Lurralde kohesionatuagoa lortzen laguntzen du, lurraldeen arteko joan-etorriak errazten ditu eta garraio publikoa erabiltzean erabiltzaileen esperientzia hobetzen du.
BGPren 2026rako aurrekontua
BGPren Kontseilu Nagusiak gaur egindako bileran hasieran onartu da Partzuergoaren 2026ko aurrekontu orokorra, 237.530.000 eurokoa dena.
Kontu horietan garraio publikoaren azpiegiturak eta sistemak hobetzeko eta modernizatzeko hainbat inbertsio sartzen dira. Jarduketa garrantzitsuenen artean honako hauek daude: telebista-zirkuitu itxien sistema (TZI) eta bidaiariari informazioa emateko sistema eraberritzea (1,8 milioi), Kabiezesko azpiestazioaren behin betiko eraldaketa (1,4 milioi), Erandio eta Lutxana arteko trenbidea berritzea (milioi 1), baita ATP/ATO seinaleztapen-sistemaren zaharkitzea arintzera bideratutako hainbat esku-hartze ere (9 milioi). Halaber, Urbinagako zubibidearen egitura konpontzea (956.500 euro), Ibarbengoako aparkalekuan planta fotovoltaiko bat jartzea (940.600 euro) eta Urbinagako aldageltokia garatzea (363.000 euro) aurreikusten da.
Era berean, aurrekontuan ekipamendu teknologiko berria sartzea aurreikusten da (hala nola QR eta EMV sistemak, balidagailuak, bizikleten aparkalekuak), erabiltzaileen esperientzia hobetzen jarraitzeko eta garraio-sistemaren digitalizazioan aurrera egiteko asmoz.














