Finantziaketa

44/75 legeak aurreikuspenen arabera Bilboko metroa honela finantzatu behar zen:

  • Estatua: 2.000.000.000 pta.
  • Probintziako Diputazioa: 1.000.000.000 pta.
  • BGPko Udalak: 1.000.000.000 pta.

Gainerakoa Partzuergoak berak finantzatuko luke beharrezko kreditu eragiketak hitzartuz eta ustiapenari esker lortutakoarekin horiek amortizatuz.

1980an eskumenak eskualdatu zirelako, Estatuko Gobernuaren lekuan jartzen da Eusko Jaurlaritza eta, ondorioz, honela geratu zen finantzaketa:

  • %50 Eusko Jaurlaritzak
  • %25 Bizkaiko Foru Aldundiak
  • %25 Partzuergoko udalek

1986an Plentzia-Casco Viejo tarterako inbertsio plan bat egin zen. Zenbateko handiak inbertitu behar zirenez, Bizkaiko Foru Aldundia udalen betebeharretan subrogatu zen, ondorioz honela geratu zen finantzaketa:

  • %50 Eusko Jaurlaritzak
  • %50 Bizkaiko Foru Aldundiak

Ondoren, udalen betebeharretan subrogatu zen Casco Viejo-Bolueta tartean ere bai.

Inbertsioa bete-betean zorpetze bidez finantzatzeko filosofia du oinarri azken finantza planak, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ekarpenak erabiliko dira finantza kargak eta kudeaketa gastuak urteetan zehar ordaintzeko.

Zorpetze-politika horretan, hainbat eragiketa mota egin dira:

  • Metro bonoak jaulki dira. Burtsan kotizatzen dute.
  • Europako Inbertsio Bankuaren maileguak erabili dira.
  • Metro obligazioak jaulki dira.
  • Kredituak hitzartu dira.