Partzuergoak 500 pertsonako talde bat osatuko du aplikazioa App Store denda ofizialean plazaratu baino lehen probatu eta hobetu dezaten, zeinak aukera emango baitu Barik txartela mugikorrean eramateko, bidaiak baliozkotzeko eta txartelak kargatzeko

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) beste aurrerapauso bat eman du garraio publikoaren digitalizazioan; izan ere, Bizkaiko herritarrei zuzendutako parte-hartze izaerako prozesu bat abiatu du, iPhone gailuetan erabiliko den Barik Mobile aplikazioaren etorkizuneko bertsioa hobetzeko. Ekimen horren bidez 500 pertsonako talde bat osatzea da asmoa, aplikazioa probatu dezaten App Store dendan behin betiko kaleratu baino lehen. Horretarako, parte-hartzaileek aplikazioa baldintza errealetan probatu ahal izango dute eta iradokizunak egin, aplikazioa argitara eman baino lehen hobekuntza-puntuak antzemateko. BGPk uste du pixkanakako ezarpen-eredu hori egokiena dela esperientziarik onena bermatzeko.

Barik Mobile aplikazioa BGPk garatu du eta Barik txartela mugikorrean eramateko aukera emango du garraio publikoan zuzeneko baliozkotzeak egiteko, euskarri fisikoaren beharrik izan gabe. 2025eko martxoan, Partzuergoak tresna hori gaitu zuen Android sistema erabiltzen dutenentzako, eta, oraingoan, iOS sistemarako garapenarekin, zabalkundea osatzea du helburu. Era berean, BGP lanean ari da Android bertsioa eguneratzeko, izan ere, aplikazio bakarrean bateratu nahi ditu gaur egun eskuragarri dauden funtzionaltasun guztiak, hartara, sistema integratuagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa izan dadin. Ildo horretatik, laster, erabiltzaileek aplikazio bera erabilita kargatu ahalko dituzte tituluak, kontsultatuko dituzte mugimenduak eta kudeatuko dute txartelaren inguruko informazio guztia, iOS zein Android erabilita.

Aplikazioa probatzeko taldean parte hartu nahi dutenek barikctb@cotrabi.eus helbidera mezu bat bidalita eman dezakete izena, tokiak amaitzen diren arte, eta datu-pertsonalak (argazkia barne) eman beharko dituzte Bezeroen Arretarako Bulegoetan. Probak egiteko aldia irekita egongo da harik eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak erabakitzen duen arte aplikazioak funtzionamendu-maila egokia lortu duela. Edozein titulu-mota —Creditrans edo Gizatrans diru-tituluak eta aldi baterako Bidai edo Gazte tituluak— dutenek erabili ahalko dute aplikazioa, betiere aurretiaz Barik txartel pertsonalizatua bazuten edo beren datuak BGPren Bezeroen Arretarako Bulegoetan erregistratu badituzte. Betekizun teknikoei dagokienez, aplikazioaren funtzio orokorrak bateragarriak izango dira gutxienez iPhone 7 mugikorra daukaten eta iOS 13 bertsioa darabilten gailuekin; aitzitik, bidaiak baliozkotu ahal izateko, erabiltzaileek iPhone XS bat izan beharko dute gutxienez, iOS 17.4 bertsioarekin edo hori baino berriagoa den bertsioarekin.

Probak egiteko fasea amaitutakoan eta aplikazioa optimizatuta dagoenean, BGPk ofizialki argitaratuko du App Store dendan, eta horren berri emango du behar bezala. Erabiltzaileek erabaki beharko dute euskarri tradizionala edo digitala erabili nahi duten.

2026-03-27
BGPk otsailaren 5ean onetsitako berrikuspenak 3 eta 10 zentimo arteko igoera ekarriko du, tituluaren arabera

Bihar sartuko da indarrean partzuergoko tituluetako tarifen urteko eguneraketa. BGPren kontseiluak otsailaren 5ean onetsi zuen eguneraketa eta batez beste % 3ko igoera izango du. Zehazki, Barik Kide edo Giza txartelekin egindako bidaien balioa 3 zentimo inguru handituko da, eta aldizkako tituluek 10 zentimoko igoera izango dute.

BGPk azpimarratzen du eguneraketa horrek kalitatezko garraio publikoaren sistema eraginkorra eta jasangarria bermatzeko konpromisoari erantzuten diola, aldi berean herritarrentzako prezio irisgarriak mantenduz. Neurri horiekin, Bizkaiak mugikortasun-eredu bidezkoago baten aldeko apustua berresten du, eguneroko joan-etorriak erraztuko dituena eta erabiltzaile guztien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duena.

2026-03-24
Gaur egun indarrean dauden garraio-hobarien luzapena onetsi du BGPk, mugikortasun jasangarria errazteko eta familia bizkaitarren gastua arintzeko.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) gaur egun Bizkaian indarrean dauden garraio publikorako hobari-neurriak 2026ko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki du gaur. Zehazki, hauek dira mantenduko diren neurriak: 14 urtera arteko adingabeentzako doako garraioa, Gazte tituluen tarifan ezarritako % 50eko deskontua eta % 40ko hobaria gainerako bidaia anitzeko titulu eta abonuetan.

Kontseiluan azaldu dutenez, luzapen horren helburua da, batetik, gaur arte onetsitako errege dekretuetan ezarritako garraio publiko kolektiboa babesteko neurriei jarraipena ematea eta, bestetik, Bizkaiko erabiltzaileek 2026an ere tarifa merkeagoak izan ditzaten bermatzea.

Tarifen eguneraketa
Horrez gain, urtero bezala, BGPk partzuergoko tituluen tarifak eguneratzea onetsi du, batez besteko % 3ko igoerarekin. Horiek horrela, Barik edo Gizatrans txartelekin egindako bidaien balioa 3 zentimo inguru handituko da, eta aldizkako tituluek 10 zentimoko igoera izango dute.

BGPk azpimarratzen du eguneraketa horrek kalitatezko garraio publikoaren sistema eraginkorra eta jasangarria bermatzeko konpromisoari erantzuten diola, aldi berean herritarrentzako prezio irisgarriak mantenduz. Neurri horiekin, Bizkaiak mugikortasun-eredu bidezkoago baten aldeko apustua berresten du, eguneroko joan-etorriak erraztuko dituena eta erabiltzaile guztien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duena.

2026-02-05
Gaurtik aurrera Gipuzkoako garraio-txartelaren erabiltzaileek honako toki hauetan erabil dezakete txartela: Bizkaibus, Bilbobus, Kbus (Barakaldo), Lejoan Busa (Leioa), Galdabusa (Galdakao), Etxebarri Bus, Erandio Bus, Sopelbus (Sopela), Artxandako Funikularra eta Bizkaia Zubia.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) amaitu du gaurtik aurrera Bizkaiko hiri barruko eta hiriarteko autobusetan, eta baita Bizkaia Zubian eta Artxandako funikularrean ere, MUGI txartela erabiltzeko aukera ematen duen garapena. Horrela, lurraldeen arteko garraio publikoaren sistemaren elkarreragingarritasuna zabaltzen da eta Bizkaian MUGI txartelaren erabilera bideratzen da.

Garraiobide berri horiek sartzeak Bizkaiko garraio-sistemaren elkarreragingarritasuna burutzea ekarri du, bai eta dauden hiru garraio-txartelak (BAT, BARIK eta MUGI), bana lurralde bakoitzeko, euskal garraio publikoaren sare osoan berdin erabiltzeko aukera ematen duen egokitzapena ere. Proiektua hainbat erakunde eta operadoreren lankidetzari esker gauzatu ahal izan da.
Ildo horretatik, MUGI honako operadore hauetan erabili ahal izango da: Bizkaibus, Bilbobus, Kbus (Barakaldo), Lejoan Busa (Leioa), Galdabusa (Galdakao), Etxebarri Bus, Erandio Busa, Sopelbus (Sopela), Artxandako funikularra eta Bizkaia Zubia. Bizkaia Zubiko ontziskan eta Portugaleteko Boteetan laster aktibatuko da Mugi erabiltzeko aukera. Derrigorrez gogorarazi behar da Metro Bilbaok dagoeneko onartzen duela Mugi txartela, Bizkaiko garraio publikoaren sistemaren barruan erabiltzeko aukerak zabalduz.

Sistemak operadore bakoitzari dagokion Creditrans diru-tarifa aplikatuko du eta barne hartuko du Familia Ugariaren profilen aintzatespena. Gainera, txartelak BARIK txartelaren baliokide gisa funtzionatuko du, erabilera-esperientzia homogeneoa bermatuz.

Operadore guztietan, Bizkaibusen eta Erandio Bus zerbitzuan izan ezik, balidazioa bakarrik egingo da ibilgailura sartzerakoan.

Hedapen hau urrats erabakigarria da Bizkaian eta EAE osoan garraio publikoa erabat integratzeko bidean. Lurralde kohesionatuagoa lortzen laguntzen du, lurraldeen arteko joan-etorriak errazten ditu eta garraio publikoa erabiltzean erabiltzaileen esperientzia hobetzen du.

BGPren 2026rako aurrekontua
BGPren Kontseilu Nagusiak gaur egindako bileran hasieran onartu da Partzuergoaren 2026ko aurrekontu orokorra, 237.530.000 eurokoa dena.

Kontu horietan garraio publikoaren azpiegiturak eta sistemak hobetzeko eta modernizatzeko hainbat inbertsio sartzen dira. Jarduketa garrantzitsuenen artean honako hauek daude: telebista-zirkuitu itxien sistema (TZI) eta bidaiariari informazioa emateko sistema eraberritzea (1,8 milioi), Kabiezesko azpiestazioaren behin betiko eraldaketa (1,4 milioi), Erandio eta Lutxana arteko trenbidea berritzea (milioi 1), baita ATP/ATO seinaleztapen-sistemaren zaharkitzea arintzera bideratutako hainbat esku-hartze ere (9 milioi). Halaber, Urbinagako zubibidearen egitura konpontzea (956.500 euro), Ibarbengoako aparkalekuan planta fotovoltaiko bat jartzea (940.600 euro) eta Urbinagako aldageltokia garatzea (363.000 euro) aurreikusten da.

Era berean, aurrekontuan ekipamendu teknologiko berria sartzea aurreikusten da (hala nola QR eta EMV sistemak, balidagailuak, bizikleten aparkalekuak), erabiltzaileen esperientzia hobetzen jarraitzeko eta garraio-sistemaren digitalizazioan aurrera egiteko asmoz.

2025-12-18
Onespenari esker haurrentzako doakotasuna mantenduko da 14 urte betetzen dituzten arte, eta deskontuak egongo dira Gazte tarifetan eta bidaia ugariko gainerako abonuetan.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) aurtengo bigarren seihilekorako onartutako hobari-neurriak 2026ko otsailaren 20ra arte luzatzea erabaki du gaur. Honako hauek dira:

• 14 urtera bitarteko haurrek doan bidaiatzea
• Gazte tituluen tarifan % 50eko deskontua
• Gainontzeko bidaia ugariko abonu eta txarteletan % 40ko deskontua

Kontseiluan adierazi duten bezala, helburua da zenbait errege-dekretutan hiriko eta hiriarteko lurreko garraio publiko kolektiboaren inguruko neurrientzako aurreikusitako aldiak betetzea BGPk araututako txarteletan.

Hortaz, erabakiak Partzuergoko txarteletan eragina izango du 2026ko urtarrilaren 1a eta 2026ko otsailaren 20a bitarteko aldian, ezarpena urtebetez bete dadin.

2025-12-01
Eskaera bezeroaren arretarako edozein bulegotan aurkeztu behar da, eta bertan Barik pertsonalizatua gaituko da, bigarren pertsonari ordaintzeko salbuespena emanez

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGPk) gogorarazten du % 45eko eta gehiagoko desgaitasuna edo mendekotasun-mailaren bat dutela egiaztatzen duten pertsonek eskubidea dutela garraio publikoan laguntzaile batekin bidaiatzeko, azken horrek bidaia-txartela ordaindu beharrik gabe.

Neurria joan den uztailean sartu zen indarrean; hala ere, espero baino motelago ari da ezartzen. Baldintzak betetzen dituzten 18.826 pertsonetatik soilik 536k —% 3 baino gutxiago— eskatu dute txartela aktibatzea. BGPren gogorarazpenarekin batera, Gizarte Ekintzako Foru Sailak gutun izendun bana bidali die onuradunei, neurriari buruzko informazioa jaso dezaten eta, bereziki, gida baten bidez berau eskatzeko jarraitu beharreko urrats guztiak ezagutu ditzaten.

Horretarako, BGPren, Metro Bilbaoren, EuskoTrenen, Bilbobusen, Bizkaibusen edo Renferen jendearentzako arreta-bulego batera joan beharko dute beren Barik txartel pertsonalizatuarekin; txartel hori ez badute, une horretan bertan eskatu ahal izango dute bulegoan.

Eskaera norberak egin dezake, NANa aurkeztuta, edo beste pertsona batek. Azken kasu horretan, ondokoa aurkeztu beharko da: titularrak sinatutako baimena, bien NAN originalak eta, eskatzaileak oraindik Barik pertsonalizaturik ez badu, argazki bat. Dokumentazioa egiaztatu ondoren, bulegoko langileek txartela gaituko dute laguntzaileari dagokion salbuespenarekin.

Laguntzailearekin bidaiatzeko, onuradunak bi aldiz jarraian pasatu beharko du bere Barik txartel pertsonalizatua baliozkotze-puntuan. Bigarren paseak ez du inolako kosturik izango, eta, horrela, laguntzailearen doako bidaia bermatuko da.

2025-10-17
Ekimen honek indartu egiten du BGPk ingurumenarekin sustapenarekin duen konpromisoa eta neurri honen bidez kutsatzen ez duten ibilgailuen eta disuasio-aparkalekuen erabilera sustatu nahi da, hiriko trafikoa arinduz.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) beste urrats bat eman du erakundeak mugikortasun jasangarriaren alde egin duen apustuan, kasu honetan disuasio-aparkalekuetako hirutan ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jarriz: Etxebarri, Leioa eta Ibarbengoa. Hiru aparkaleku horiek Metro Bilbaok kudeatzen ditu; BECen dagoen laugarren aparkalekua Bilbao Exhibition Centrek kudeatzen du eta dagoeneko 27 karga-puntu ditu. Ekimen honek indartu egiten du BGPk ingurumenarekin eta ibilgailu elektrikoaren eta garraio publikoaren erabilera konbinatuaren sustapenarekin duen konpromisoa.

Karga-puntu berriak estrategikoki kokatuta daude Bilboko Metropoliko Trenbidearen funtsezko hiru geltokietako aparkalekuetan eta joan-etorriak metroz egiten dituzten bitartean erabiltzaileei ibilgailu elektrikoa kargatzen uzteko aukera ematen diete.

• Etxebarri: 3 karga-puntu bikoitz, horma-kargagailuen bidez.
• Leioa: zoru-kargagailuen bidez birkargatzeko 4 puntu bikoitz, markesinaren azpian kokatuta eta arku metalikoekin babestuta.
• Ibarbengoa: -1 solairuan horma-kargagailuen bidez birkargatzeko 4 puntu bikoitz, berdez seinaleztatuta egoteagatik erraz identifika daitezkeenak.

Kargatzeko zutoin bakoitzak 22 kW-eko bi konexio-puntu ditu, baterien karga azkarra ahalbidetuz. Ezaugarri teknikoen artean hauek nabarmentzen dira:

• 400 V-eko elikadura trifasikoa.
• Guztira 44 kW-eko potentzia.
• 2 motako konektoreak eta pantaila eleaniztuna, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
• Karga-egoeraren LED seinalea.

Kargaren kudeaketa iOS eta Android gailuetarako eskuragarri dagoen EVcharge aplikazio mugikorraren bidez egiten da. App-ak aukera ematen dio erabiltzaileari eskuragarri dauden puntuak aurkitzeko, karga aktibatzeko, prozesua denbora errealean jarraitzeko eta ordainketak modu errazean egiteko. Zutoin bakoitzak QR kode bat du, aplikazioan sartzea eta konfigurazioa errazten duena.

Tarifa-politikari dagokionez BGPk bilketa ez lehenestea erabaki du, kWh-ko prezio lehiakorrarekin eta energia-kostuari egokituta, aparkalekuen eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin. Neurri hau hurbileko elektrolindegietako tarifen azterketan oinarritzen da, etekin ekonomikoaren aurretik zerbitzua lehenetsiz.

Jarduketa honekin BGPk mugikortasun jasangarriagorantz eraldatzeko funtsezko eragile gisa duen eginkizuna indartzen du, intermodalitatea bideratuz eta hiri-garraioan trantsizio energetikoa babestuz.

2025-06-23